KORRIKA: 6. eguna

Korrikako seigarren eguna Nafarroan abiatu da. Auza, Eltzaburu, Jauntsarats…Azken honetan, Esan Erran irratiko lagunek ongietorria egin diote gaueko ordu batak terdiak aldera. Orokietan, zendutako Aitziber Sarasola, AEK-ko Nafarroako arduraduna izandakoa omendu dute eta bere irudia eskegi dute furgonetan. Baina hori ez da izan gauak eman digun une hunkigarri bakarra. Izan ere, Betelun, geldiune txiki bat egin du furgonetak. Bertan, azken hamar urteotan Korrikako lekukoa diseinatu duen Juan Gorriti eskultorea bizi da eta berak egindako egurrezko oroigarria eta bertso bat oparitu dio Korrikari. Bestalde, Josetxo izeneko gizon batek parte hartzaileen orain arteko adin marka apurtu du bart. Saldias herrian bizi den 97 urteko gizonak, lekukoa eraman du tente eta harro.

Goizeko 7ak aldera, Korrika Gipuzkoan sartu da eta Lizartza inguruan tipi tapa ari ziren lagunek egunsentia ikusi ahal izan dute. Ataria irratiko kideak goiz esnatu behar izan dute gaur, goizeko 7.30ak pasatxo heldu baita lasterketa herrira. Urtero legez, lekukoa eramateko aukera eman diete aldizkariko irakurleei zozketa bidez. Tolosan bertan, 1091. kilometroan hain zuzen, Ibarrako Udalak euskara ikasten ari diren ikasleei kilometroa oparitu diete ere.

Bidean aurrera egin du Korrikak Anoetan, Villabonan, Zizurkilen, Adunan… Eta tarte horretan, Arrosako Zebrak Elizondon ireki ditu begiak. Lotan amets egiteari utzi, begiak ireki eta Korrikarekin batera amesten jarraitzeko bidea egiten hasi da, Andoainera iritsi den arte. Bertan, Martin Ugalde Kultur parkean hamarretakoa egiten aurkitu ditugu bertako langileak, trikitilariek giroa berotzen zutelarik. Parte hartzea ikaragarria izan da Urnietan, Hernanin edota Astigarragan baina Errenterian ikusi duguna benetako uholdetzat jo daiteke. Milaka eta milaka lagun betetzen zituzten kaleak, Korrikako furgonetaren hotsa entzun ezina bilakatzeraino! Azpimarratzekoa da ere, zein ongi antolatu diren eskoletako haurrak, ilaran eskutik helduta azkar azkar baina ordenean, Korrika ilara luzean sartzeko. Zuek bai profesionalak Korrikan! Ez dugu Zintzilik irratiko lagunak agurtzeko aukerarik izan baina seguru ez ziren urrun ibiliko.

Errenteriatik Oiartzunera abiatu da eta handik Irunera. Beste behin ere, mugari so egin gabe Lapurdira abiatu da Korrika. Bertan izan dira Antxeta irratiko lagunak jarraipen berezia egiten. Biba zuek, eta zorionak azken egunotan Euskal Irratiek egin duzuen lan potoloagatik. Indarrik gelditu al zaizue 32 orduko emisio jarraiaren ostean? Badirudi baietz!

Santiagoko zubian, hain justu Korrikak 1198. kilometroa zapaldu duen tokian, euskararekin lotura duten hainbat eragilek eta Euskal Herriko instituzio ezberdinak kilometro bateratua egin dute euskararen normalizazioaren alde. Orotara 28 lagun izan dira kilometroa partekatu dutenak “Elkarlana da bidea BATZUK handi bat eraiki dezagun” lelopean. Hala, euskararen normalizaziorako eragile eta instituzioen arteko elkarlana ezinbestekoa dela adierazi nahi izan dute. Besteak beste, UEMA-k, EHE-k, Berriak, Sortzenek, Euskaltzaindiak edota Elhuyarrek parte hartu dute, baita AEK-ko koordinatzaile nagusia den Mertxe Mugika ere. Instituzioei dagokienez, EAE-ko Foru Aldundiek eta EAEko zein Nafarroako Gobernuetako ordezkariak bertan izan dira. Korrika Santiagoko Zubira heldu baino minutu batzuk lehenago, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza, Politika eta Kultura Sailburua den Bingen Zupiriarekin labur hitzegiteko aukera izan dugu. Arrosa Sarea euskaraz emititzen duten irratien sarea izanik, irrati lizentzien aferaren inguruan galdetzeko ere aprobetxatu dugu. Hona hemen bere hitzak:

Anekdota gisa, aipatzea Korrika 1198. kilometrora heltzear zegoela, Guardia Zibilak kontrola jarri duela zubiaren beste aldean. Hala ere, furgonetak, musika eta korrikalari taldea ikusi dutenean, gauza guztiak azkar baino azkarrago bildu eta desagertu egin dira. Akaso, Alde Hemendik ekimeneko lagunei, sekretu magikoa kontatu beharko diete Korrikako antolatzaileek! Txantxak albo batean utzita, historikoa izan da gaur Santiagoko zubian ikusi dugun irudia. Dudarik gabe, aurrerantzean elkarlanaren bidea elikatzea ezinbestekoa izango da, baldin eta hitz edo uneko irudi hutsean gelditzea ekidin nahi badugu behintzat.

28 partehartzaileek, ikasleei itzuli diete lekukoa eta kazetari gehienek alde egin dute, baina Korrikak aurrera egin du eta Arrosak harekin bat. Hondarribin lagun ugarik egin diote harrera eta jarraian Irunera abiatu da berriz. Bertako suhiltzaileek sirenak piztu eta lekukoa eramateaz gain, kamioia ere ilara atzean sartu dute. Une horretan Zebrabidea irratsaio entzuten ari zineten horiek, argi eta garbi entzungo zenituzten sirena hots ozenak. Lezo, Pasai- Donibane, Pasai- San Pedro, Trintxerpe….eta arratsaldeko 18.30ak inguru Gipuzkoako hiriburura heldu da.

Arabako hiriburuan erdigunera eta Alde Zaharrera joateko ohitura badute ere, donostiarrek nork bere auzoan korrikatu ohi dute. Hori dela eta, ez dira horrenbesteko jende pilaketak ikusi. Edozelan ere, jendetza ibili da Donostiako kaleetan gora eta behera. Info7ko lagunak ere, ez ziren urrun ibiliko! Gainera, 1277. kilometroan, une berezia bizitu dugu. Izan ere, Korrikak bere ibilbidearen erdia gainditu du kilometro horretan. Prentsa taldeko eta furgonetetako lagunok, topa egiten ospatu dugu. Lasai, ez ditugu gidariak mozkortu eta!

Hiriburuan barna iritsi da gaua eta bertan bizi izan ditugun emozioen ostean, Korrikak Lasarterako bidea hartu du.  Usurbilen emango diogu, 6. egun honi amaiera. Ea biharko egunez, horren eguraldi ederra aurkitzen dugun. Izan ere, bihar, Bizkaia aldera joko du Korrikak, eta nola ez, Arrosa Sarea bertan izango da. Baina aldez aurretik, Zarautzetik pasako da Korrika beraz, Arraio irratiko lagunak joan daitezen zapatilak janzten! Baita Azkoitiako Kontrako Eztarrixe irratiko lagunak ere, goizaldeko ordu txikietan helduko baita. Ondarruko Radixukoek ordea, lo pixkat gehiago egiteko aukera izango dute. Korrika goizeko hamarrak aldera helduko da herrira.

 

Hurrengo podcasta

Adesalambrar 2017ko Apirilaren 4a

ar. Api 4 , 2017