Biztu irratia

Biztu irratia

Eremua: Busturialdea
Helbidea: Goikoibarra 1, 48300 Gernika-Lumo
Webgunea: https://biztuirratixe.astragernika.net
E-posta: biztuirratia@gmail.com

BIZTU irratia Gernikako ASTRA proiektu eta eraikinari lotuta joan da beti, baina aitzindaritzat hartzen du Pasealekuko Gaztetxean herri mugimentuek 2008an sortu zuten BUSTI irratia. Denborak aurrera egin zuen, BUSTI irratia desagertu egin zen eta 2011n herri mugimenduak arma fabrika izandako ASTRA eraikinera mugitu ziren beraien autogestio eta eraldaketarako amets eta grinak bateratzeko. 2012 urtean zehar egin zen irrati libre bat sortzeko ahalegina, baina momentu hartan ez zen  indar nahikorik egon proiektua aurrera eramateko eta berriz geratu zen Busturialdea irrati herrikoirik gabe.

2016 amaieran ASTRAn irratia berpiztea erabaki zen. Zer dela eta? Batetik, bereziki ilusioz beteriko gazte batzuek indar berriak ekarri zituztelako eta, bestetik, METAL FABRIKA festibal musikala sortu zuten kideek ekonomikoki irrati baten sorreran laguntzea interesgarri ikusi zutelako. Honela gazteen indarra, aurreko kideen ezagutza, METAL FABRIKA kontzertuen diru laguntza, HACKELARREko kideek berreskuratutako ordenagailuak eta ASTRAk utzitako espazioari esker, irrati estudio xume baina erabilgarri bat sortzeko gai izan ginen.

Eta orain zer? Irratiaren benetako lehen denboraldi hau izango denarentzat hiru helburu betetzea gustatuko litzaiguke. Lehena, Busturialdean irratiarekiko grina sustatzea herritik sortutako irrati berri hau abiapuntu izanik. Gasteiz, Ondarroa, Bilbo edo Bergara moduko herri eta hiriek hamarkadatan zehar bidelagun izan dute irrati libre bat; normaltzat dute uhinetara beraien ahots eta gustoko duinak eramateko komunikabide tresna hurbil hori edukitzea. Gernikan naiz eta aurretik irratiak egon diren (Betekada, Ukabi, Txatxi), aspaldiko kontuak dira horiek jada eta urteetan faltan izan den hori berriro presente egotea nahiko genuke. Bigarrenik, komunikabide tresna bat herriaren eskuetan jartzea dugu helburu. Edozein eragile edo norbanakok zerbait esan, komunikatu edo adierazi nahi balu, bai hitzez edo bai soinuz, horretarako prest dagoen tresna bat eskaintzea. Eta azkenik, lehen urte honetan sortu ditugun gure hiru irratsaioak (Metal Fabrika, Gaberdiko Cowboy eta Marginalia) interneteko uhinetan mantentzea (beti ere irratsaio berriei ateak guztiz irekita egonik!!!), bakoitzak gutxienez hilean irratsaio bat eskainiz. Hauek dira gure erronkak!!

Lehen urte honetan zuzenean internetez soilik emitituz hasiko dugu gure ibilbidea, baina baita gure irratsaioen podcast-ak sortuz ere. ARROSA SAREAko irratien irratsaioez baliatuz oso parrilla interesgarria bete dugula uste dugu eta orain entzule eta irratizale berriak apurka geureganatzea da gure amets eta helburu. Hau dena plazaratu eta gero, badakizue… BIZTU IRRATIXE!!!!

streaming-buttonpodcast-button