KORRIKA: 2. eguneko Kronika

Atzokoan eguraldi traketsa izango genuela iragarri ziguten baina badirudi, Korrika eguzkiarekin aliatu zitzaigula, behintzat eguerdirarte. Arrosako Zebra, Gasteizko rotondaren batean galduta esnatuko zelaren beldur ginen, edota Alde Zaharrean gauean sortu zen giroaren ondoriozko bixamonarekin. Zorionez formal ibili da!
Baina Korrikak ez du etenik, eta Gasteiz atzean utzita, Argantzunerako bidea hartu zuen. Ondoren Trebiñu eta Arabako beste hamaika herri txiki zeharkatu, eta Kanpetzun egin zioten harrera. Goizaldeko 6ak ziren baina Kanpezuko lagunek euren onena eman zuten. Batzuk korrika eginez, besteak bizikletan. Goizean jakin genuen gazte batek patinak Otxandion jantzi eta ez zituela 150. kilometrorarte erantzi… ia 12 ordu geroago! Urtero epailez mozorratuta azaltzen den laguna ere, gau partean batu zitzaigun, justizia administrazioa euskalduntzeko aldarrikapena soinean zeramala.

Goizaldeko 6.30ak aldera, Araba agurtu eta Nafarroan sartu zen. Muga, Azedo, Antzin, Murieta…hainbat eta hainbat herri zeharkatu zituen Korrikak, goizeko 9ak pasatxoan, Lizarrara heldu zen arte. Jendetza ugari batu zen kale ertzetan, nagusiki haur eta gazteak. Susto txiki bat izan genuen ere. Izan ere, Korrikan parte hartzen ari zen lagun bat zauritua suertatu  eta anbulantzian eraman behar izan zuten. Ezer larririk, baina hantxe ibili zen anbulantziako gidaria, korrikako furgoneta aurreratu ezinik!

Korrikan ikusten direnak ez dira beste inon ikusten… Villatortatik Lorkarako bidean gurpildun aulkian korrika egiten zuenik ikusi ahal izan genuen eta Ziraukin, aldiz, momotxorroek egin ziguten harrera. Baina eguneko unerik hunkigarriena Artaxoan bizitu genuen. Bertan, 90 urteko emakume batek hartu zuen lekukoa eta bertan geunden askok eta askok, ezin izan zituzten malkoak eutsi, emozioak jota. Lekzio ederra emakume honek eman diguna, euskararen alde mugitzeko ez dago adinik!
Eguraldi goxoarekin hasi genuen eguna baina eguerdi eta arrats partean ekaitzak ordagoa bota zion hainbat alditan Korrikalariei. Emaitza? Ekaitza 0 – Korrika 1

Lerinen bazkaltzeko tartea hartu genuen kazetariok eta azpimarratzekoa eta eskertzekoa da bertako herritarren abegikortasuna. Guztiak behar genuenerako laguntzeko prest! Bazkalostean, Kar karrerako bidea hartu eta orduantxe, opari polita egin zigun naturak: korrika bezain anitza eta ederra den ortzadarrak argitu baitzigun bidea!
Lodosan, ordea, tartetxo bat hartu genuen Ibaialde ikastolako Itziar Aizpeolea irakaslearekin solasteko. Hementxe dituzue bere hitzak

Gaualdean, Andosilla, San Adrian eta Azagratik pasa zen Korrika. Azagran, gainera Eguzki irratiko lagunek eraman zuten lekukoa. Aupa zuek!

Egunari, Kadreitatik Kastejonerako bidean eman zioten amaiera. Eguzki eta ekaitz, haur eta heldu, baina kilometro guztietan giro aparta eta euskararekiko maitasun eta konpromisoa Korrikako 2. egun honetan!

Hurrengo podcasta

Hankak - lurrin - Normaltasune

lr. Api 1 , 2017