SOINUGELA: Betaurrekodunok antiparrak erabiltzen ditugu

Berriro saio luzeagoen formatua berreskuratzen joango gara hemendik aurera eta, gaurkoan, ordubeteko saio ez-hain-luze honetan, betaurrekodun musikari eta kantariak izango ditugu hizpide. Hasteko, etxeko betaurrekodunak ez genituen ahaztu gure 20. urteurrena ospatzeko atera genuen diskoan. Hala, Gora gu eta gutarrak abestian “Apoloren antiparrak” aipatzen zituen Joxemi Larrabeiti letragileak. Jabier Lauzurika, Apolo, 2015eko uztailaren 4an zendua, irrati honetako esatari eta bertsozale betaurrekoduna genuen.

Ruper Ordorika gure urrezko betaurrekoduna dugu, eta bi garai oso ezberdinetako kantu bi aukeratu ditugu gaurko saiorako: Sigarriyos Amarillos eta Harginenean, hurrenez hurren. Lehena, Hertzainak taldearen lehendabiziko diskoan agertutakoaren bertsioa da, Azukre Koxkorrak diskorako moldatua. Bigarrenak, berriz, Ibon Burgoak aukeratua, Anjel Kataraini eskainitako kantua dugu, Hurrengo goizean bilduman  eta Kafe Antzokian zuzenekoan jasotakoa. Oñatiar kantariaren bizitzan garrantzitsuak diren hainbat gako-hitz aipatzen ditu bertan: Zumetaren margoak, anaia, Biba Pellot, Biba Festa…

Jose Afonso portugaldar betaurrekodunak Cantigas Do Maio diskoa argitaratu zuen 1971n Frantzian. Bertan, sinbolismo handiko bi abesti zeuden: Maio Maduro Maio, Salazarren diktadurak irratian zentsuratutakoa, eta Grândola, Vila Morena, hiru urte geroago, 1974ko apirilean, irratiz emititzean, klabelinen iraultzarako seinale ezkutu moduan bihurtu zena.

Ahots ezaugarria, nahasezina, berezia, bakarra zuen Roy Orbison kantari betaurrekodun estatubatuarrak. Baritono ahots melankoniatsua, tristeziaz hornitua, bere bizitza eta bere hitz gehienak bezala. Crying abestia melankonia horren erakusgarri bikaina dugu.

Maitasun abestia da, era beran, Elton John-en Your Song. Maiteari, berak sor dezakeen ekoizpenik kuttunena, kantu bat, opa diola kontatzen digu bertan, Bernie Taupin-en letrekin, ehunka antiparra izan dituen ingeles kantariak. Elvis Costello dugu beste pasta betaurrekodun ingeles ezagun bat, eta All This Useless Beauty kantuak 1996ko diskoari izena ematen dio.

John Lennon beste betaurrekodun famatu bat dugu. The Beatles taldeko kideak, hasieran, ez zuen betaurrekorik erabiltzen, baina miopea izanik, azkenean ikonikoa bihurtu zuen bere betaurrekodun irudia. Almerian zela, Strawberry Fields Forever hasi zen konposatzen 1966an. “Living is easy with eyes closed” zioen bertan. Betaurrekoak, aldiz, bizitza argiago eta zehatzago ikusi ahal izateko tresnak dira.

Hurrengo podcasta

SOLASADIA| Kontrol sozialaren areagotzea konfinamenduan

ol. Eka 5 , 2020