SOINUGELA: Bill Frisell, Hertzainak, Neil Young, Ginger Baker, Van Morrison, Bob Dylan, Revolta Permanent

Gaurko urrezko kantua Stephen Fosterrek 1854an argitaratu zuen Hard Times Come Again No More, aspaldiko klasikoa dugu, une latzetan behartsuek nekez bizirauten dutela kontatzen diguna. Guk gaur entzun dugun bertsioa aurten Bill Frisellek kaleratu duen Harmony bilduman dago. Hau Frisellek Blue Note disko etxerako egin duen lehendabiziko grabazioa da. Bertatik beste bi kantu entzun ditugu: Fifty Years eta Deep Dead Blue.

Josu Zabalak eta Garik aurten Hertzainak taldea berreskuratu dute. Kafe Antzokian bertan pasa den irailaren 17an egin zuten kontzertua grabatu eta Kafe Antzokiak berak CD moduan argitaratu du. Guk hiru kantu entzun ditugu lan horretatik: Sigarrillos Amariyos, 564 eta Si vis pacem parabellum.

Neil Youngek aurten berriro Crazy Horse taldea batu eta eurekin Colorado izeneko diskoa grabatu du, Rocky Mountains-eko estudio batean grabatu ere. Oxigeno botilak eta guzti behar izan zituzten bertan, altuerari eta adinari aurre egin ahal izateko, eta prozesuaren inguruko Mountaintop dokumentala ere grabatu dute. Guk pare bat kantu entzun ditugu Colorado horretatik. Think of Me eta Milky Way.

Iragan urrian Ginger Baker bateria jole handia hil zen, 80 urte zituela. Rockaren historian handienetakoa dugu. Berak jazz musikaria zela zioen beti, nahiz eta gehienetan rock taldeetan ibili. Guk bere kantutegiaren unerik eta garrantzitsuenetako batzuk berreskuratu ditugu: Sunshine of your Love (Cream, 1967), Passing the Time (Cream, 1968), Toad (Cream, Live, 1968) I Am So Glad (Cream, Live, 1968), Well All Right (Blind Faith, 1969) eta Sweet Wine (Air Force, 1970).

Van Morrisonek aurten azkeneko lau urteota kaleratu duen seigarren diskoa aurkeztu digu, Three Chords & the Truth multzo honetatik onena eta kementsuena dugu, erabat kantu berriz osatua. Bertatik kantu batzuk entzun ditugu: March Winds in February, Fame Will Eat the Soul eta Early Days.

Bob Dylanek 1967-1969 tartean Nashvillen egin zituen grabazioekin Travellin Thru CD hirukoitza kaleratu du Bootleg Series-en 15. atala osatuz. Guk entzun ditugun kantuak: All Along the Watchtower, Western Road, Girl from the North Country (Johnny Cash-ekin) eta I Threw It All Away.

Amaitzeko, Revolta Permanent taldeak kaleratu duen laugarren diskotik, Lobotomiak izenekotik, kantu bi entzun ditugu: Lobotomiak eta 3,1416.

Hurrengo podcasta

IRRATIEN TARTEA | Arabaren berri, Hala Bedi irratiaren eskutik

ar. Urt 7 , 2020