SOINUGELA: Etta James, The Beatles, Paul McCartney, Benito Lertxundi, Modus Operandi, The Sheepdogs #PedroEliasIgartua

Gaurko urrezko kantua Etta Jamesek 1967an grabatutako “Tell Mama” izan da, kantu paregabea. Chicagoko Chess disko etxean zegoen Etta James Alabamako Muscle Shoals-en estudiora bidali zuten eta, bertan, andre honek bere grabaziorik onena ekoitzi zuen. Aurretik, urte bat arinago, estudio berean abestiaren egile Clarence Carterrek egin zuen jatorrizko bertsioa, Tell Daddy izenpean entzun duguna. Jarraian, 68an, Jamesek berriro Muscle Shoals-en egin zuen I Got You Babe entzun dugu. Eta, zirkulua ixteko, UB40 taldeak Chrissie Hynderekin 1985ean egindako I Got You Babe kantaren reggae bertsioa dastatu dugu.

Aurten The Beatles-en The Beatles edo The White Album delako bildumaren 50. urteurrena izan dugu. Hori dela eta, lan hura berreskuratu dute eta esher demos lehen aldiz argitaratuak izan dira. Grabazio hauek etxean egindakoak izan ziren, gero Abbey Road estudioan egingo zirenen erakusgarri. Hiru entzun ditugu: John Lennon-en Glass Onion, George Harrison-en While My Guitar Gently Weeps eta Paul McCartney-ren Blackbird. Aurten Paul McCartneyk 76 urte bete ditu eta lan berri bat ekarri du, Egypt Station izenekoa. Bilduma oparoa da, 16 kantu berrirekin, eta nahiko goraipatua izan da. McCartneyk jo ditu ia instrumentu guztiak eta, oraindik ere, herri doinu sortzailerik eta onenetakoa dugu Liverpoolekoa. Bertatik entzun ditugunak: I Don’t Know, Come on To Me, Happy With You eta Fuh You.

Benito Lertxundi, McCartney bezala, 76 urtekoa da eta berak ere disko berri bat ekarri digu: Ospakizun gauean. Lertxundi Euskal Herrian, McCartney Ingalaterran bezain garrantzitsua da eta euskal jendea beti pozik dago Lertxundik kantu berriak grabatzen dituelarik. Hiru kanta entzun ditugu Benitoren bilduma berritik: Ibertzean  Kimu bat zuhaitzan, Munduak ez du bakerik eta Otzandu Herrian.

Betagarri taldearen Iñaki Beta kantariak talde berria sortu du Lauroba eta Vendetta konboetako musikariekin, Modus Operandi izenekoa. Rock eta ska erritmoekin (soul ñabardurak ere baditu) egiten dituzte kantuak, taldearen izen bereko bildumarako. Diskotik aukeratu ditugun kantuak: Zatoz gugaz, Gora gure bihotzak, Memoriaren zeruan eta You Always Be My Love.

The Sheepdogs talde kanadarrak lan ederrak egin ditu azken hamarkadan. Rock klasikoaren oinordekoak dira. Taldearen azkeneko bi lanetatik kantu batzuk aukeratu ditugu: Downtown, I’m Gonna Be Myself, Nobody eta Let It Roll.

https://www.youtube.com/watch?v=nJFMaPpS9sM

 

Hurrengo podcasta

IRRATIEN TARTEA | Arabaren berri, Hala Bedi irratiaren eskutik

ar. Abe 4 , 2018