SOINUGELA: Gordon Lightfoot, Judee Sill, Ronnie Wood eta Jimmy Reed

Joan den maiatzaren 1ean Torontoko erietxe batean hil zen Gordon Lightfoot kantari-kantugile handia, 84 urte zituela. Gordonek bazuen asmoa aurten hainbat emanaldi eskaintzeko, baina apirilean bertan behera utzi behar izan zituen, osasun arazo larriak zituelako. Lightfootek 500 abesti baino gehiago idatzi eta grabatu zituen eta bere kantuen bertsio asko grabatu izan dira, besteak beste, Dylan, Elvis, Johnny Cash, Barbara Streissand eta beste hainbatek kantatuak. Oso artista mirestua da Kanadan, jakina, Justin Trudeauk idatzi zuen “Gordon Lightfoot gure nazioaren espirituaren ikurra izan zen, Kanadako paisaiaren zein jendearen soinu-banda ahaztezina egin zuen”. Entzun dizkiogu: Early Morning Light (1966), Early Morning Light (1970, Bob Dylan), That’s What You Get for Loving Me (1966), That’s What You Get for Loving Me (1966, Elvis Presley), Canadian Railroad Trilogy (1966), If You Could Read My Mind (1970), Sundown (1974), If You Could Read My Mind (1972, Barbara Streissand), The Wreck of the Edmund Fitzgerald (1976), Black Day in July (2003, The Tragically Hip) eta If You Could Read My Mind (2006, Johnny Cash).

Judee Sill (1944-1979) Kaliforniako kantari-kantuegilea beti esperientzia arriskutsuetan bizi izan zen. Gaztetan kartzelaratu zuten eta, junkie bihurtuta, ez zuen musika egiteko denbora luzerik izan. Gutxienez bi bilduma eder egin zituen Asylum diskoetxerako, Judee Sill eta Heart Food izenekoak. Orain, Diaz Canalesek eta Alonso Iglesiasek komiki luze eder bat egin dute Sill-en ibilbideari buruz, Norma argitaletxean argitaratu dena. Entzun ditugu: Lady O, Crayon Angels, Archetypal Man, Jesus Was a Cross Maker eta The Kiss.

Orain dela hamar urte, Ronnie Wood (The Faces, The Rolling Stones) gitarra jole trebeak Londonen kontzertu oso bat egin zuen Mississippiko Jimmy Reed r’n’b gitarra jole handiaren omenez. Reed ez zen luzaro bizi, epilepsiak jotako alkoholikoa izan zen, baina musikari gutxik egin dute horrenbeste kantu paregabe. Entzun ditugu: Shame, Shame, Shame (Paul Weller-ekin) eta Big Boss Man (Bobby Womack-ekin).

Henry Thomas blueslari historikoak 24 kantu grabatu zituen 1927-1929 tartean. Famatuenetakoa Bull Doze Blues izan zen. Hori entzun dugu eta, ondoren, 40 urte geroago Kaliforniako Canned Heat taldeak Going Up the Country izenburupean egin zuen bertsioa. Biak ala biak dira XX. mendean grabatutako abestirik onenetakoak.

 

Deskargatu hemen.

 

Hurrengo podcasta

Nobedadeak eta jaialdiak

ol. Eka 9 , 2023