SOINUGELA: Joan zaizkigun musikari batzuk, Artze anaiak, North Mississippi Allstars, Ruper Ordorika, Linval Thompson

Udazken honetan zendu diren hainbat musikari gogoan ditugu eta haien kanta bana entzun dugu saio honetan. Gaurko urrezko kantua Eddie and The Hot Rods-en Get Across to You izan da, taldearen kantaria, Barrie Masters (1956) hil da eta.

Paul Barrere (1948) gitarra jolea ere joan zaigu. 1972an sartu zen Little Feat taldean Lowell Georgen slide gitarra bere punteoekin osatzeko. Kantugilea izanik ere, Skin It Back bere konposaketa entzun dugu, zuzenean grabatua.

New Orleanseko Neville anaien artetik zaharrena Art Neville (1937) hil berri da. Teklatu jole eta kantu egile eraginkorra ez bakarrik The Meters eta The Neville Brothersekin, baita New Orleanseko ehunka grabaziorekin Allen Toussaint produktorearekin ere. Guk Fire on the Bayou ospetsua entzun dugu.

Larry Taylor (1942) Canned Heat blues talde ospetsuaren baxu jolea izan zen. Gero John Mayall eta Tom Waitsekin ere jo zuen. Guk On the Road Again entzun dugu, Canned Heat-en kanturik arrakastatsuena.

Azkenik, gazteena, Neal Casal (1968) kantari-kantugilea, bere etxean hilda topatu zuten abuztuan. Ryan Adams eta Chris Robinsonekin jo zuen, baita talde batzuetan ere. Bakarlari moduan lan ederra egin zuen. Guk 2006ko Sleeeping Pills in Stereo entzun dugu.

Usurbilgo Joxean eta Jexux Artze anaiek Zuaznabar txalapartariekin ikasi zuten perkusio tresna hori jotzen. Ez dok Amairu taldearen partaideak izan ziren eta txalaparta zabaldu zuten. Aurten, hainbeste grabaziorekin osatutako CDa kaleratu da. Guk pare bat entzun ditugu bertatik: Xoxoa, Baga biga, higa (1971) eta Ikimilikiliklik (1975).

Dickinson anaien bilduma berria dugu Up and Rolling. Blues esparruko talderik onenetarikoa dugu gaur egun North Mississippi Allstars. Bertatik entzun ditugun kantuak: What You Gonna Do? (Mavis Staples-ekin), Mean Old World (Jason Isbell eta Duane Betts-ekin), Out on the Road (Cedric Burnsiderekin) eta Up and Rolling.

2018ko abenduan Ruper Ordorikak berton grabatutako kontzertua oraintsu kaleratu da Kafe Antzokian izenpean. Bertan, Ruperrek etxe honetan grabatutako hirugarren zuzenekoa dugu, aurrekoak 1999 eta2007an izan ziren. Orain, aurreko kontzertuetan baztertuta geratu ziren abesti batzuk, baita aurreko urteotan egindako berriak jaso ditu. Betiko moduan, lan zaindua dugu, nahiz eta zuzenean grabatua izan. Entzun ditugunak: Egia da (2014), Bizitza eder denean (2014), Zure etxera noa (2009), Esan gabeko arrazoia (2003), Beltzarana (1998) eta Ez da posible (1990).

70eko hamarkadan eginiko dub grabaziorik arraroenetako bi kaleratu dira CD batean: Negrea Love Dub eta Outlaw Dub. Linvall Thompson & The Revolutionaries taldeak egin zituen Channel One estudioan. Bertatik Negrea Africa Dub eta Danger Rockers entzun ditugu.

Willis Drummondek Zugzwang izeneko disko berritik bi kantu entzun ditugu: Bigarren aukera eta Sari soziala.

Hurrengo podcasta

IRRATIEN TARTEA | Tolosaldearen berri, Ataria irratiaren eskutik

al. Abe 16 , 2019