KORRIKA: 7. eguneko Kronika

Atzo Donostian ibilbidearen erdia gainditu ostean, Usurbilen zegoela zazpigarren egunean sartu da Korrika eta gauean zehar Gipuzkoako hainbat herri zeharkatu ditu, besteak beste, Orio, Zarautz, Getari, Zumaia Azpeitia edota Elgoibar. Azken hontan, Hasier Etxeberria kazetari eta idazlearen 90 urteko aitak eraman du lekukoa 1439. kilometroan, seme hilberriarn omenez. Horrez gain, txaranga batek lekukoa eraman du Korrikako kantua jotzen zuten bitartean. Azpeitian goizeko 5ak aldera pasatu da baina nahiz eta ordurik atseginena ez izan, jende ugarik hartu du parte. Zarauztarrek ez zuten horrenbeste denbora zai egon behar izan. Ordu bata terdiak aldera zeharkatu zuen Korrikak herria baina giro onean pasatu zituzten aurreko orduak. Izan ere, afari beganoa eta Mihiluze jolasa antolatu zituzten Putzuzulo Gaztetxean. Arraio irratiko lagunak ez ziren oso urrun ibiliko! Akoitiko Kontrako Eztarrixe irratiko lagunek ere, Korrika izan dute bart herrian. Hala ere, gauak bere gazi gozoak izan ditu ere. Izan ere, furgonetako lagunek txanda aldaketetarako erabiltzen duten furgoneta izorratu egin da eta 7. Korrikako arduraduna izan zen Edu Konderi esker ordezko bat lortu dute. Bejondeiola!

Horiexek gauak eman dituenak, baina oraindik ordu eta herri ugari gelditzen zitzaizkion Korrikako 7. egunari…  Mendaron egunsentiaz gozatu ahal izan dute, eta Deba eta Mutriku zeharkatzen zituen bitartean, Arrosako Zebra Zarautzen esnatu zaigu eta Ondarrura abiatu da. Bertan, argazki polit bat ateratzeko tokia bilatzen ari zela, Kirmen Uribe idazle eta poetarekin topo egin du. Jarraian entzungo duzuen elkarrizketa, Berriako Garikoitz Goikoetxea, Euskal Irratietako Charlotte Chory eta Arrosako Ainhoa Villaverderen artean egin dugu. Santiagoko zubian elkarlanerako deia zabaldu zuten atzo, eta gaurkoan, halaxe egin dugu batZu(e)k.

Korrika Ondarrun sartzearekin batera, Bizkaiara egin du salto. Herian egin dituen hasierako kilometroetako batean, 1472.ean hain zuzen, Radixu irratiko lagunak ikusi ditugu lasterketa egiten, kartel hori bat eskuan zutela.

Horrez gain, hurrengo kilometroa, gurpildun aulkian zihoazen lagunek egin dute, Gorabide elkartearen izenean. Berritxutik ere igaro gara, baita Markina-Xemein eta Aulestitik ere. Horietan guztietan, haur eta gazteak izan dira nagusi. Aspaldiko partez, Korrika egunez pasatu da herritik eta beraz, txikienek ez dute parte hartzeko aukera galdu nahi izan. Gizaburuagako sarrean, ezusteko polita hartu du gure Zebrak, lehengu eta lehengusina zaldiekin topo egin baitu! Lekeitiok ere, irudi politak utzi dizkigu.

Baina Lea- Artibai atzean utzi baino lehen, egunotan Korrikaren jarraipena egiten ari garen prentsako lagunoi kilometroa “korrikatzea” egokitu zaigu. Aurreko urteetan, bihurrikerietan aritu dira furgonetetan ibiltzen diren lagunak baina aurten opari bana eman digute: euskal kostaldeko berdela! Ea nork eta non sukaldatu aurkitzen dugun….Pentsatzen jarrita, ez dut imajinatu ere egin nahi a ze nolako usaina izango duten prentsako kotxeak Iruñeara heltzen garenerako! Zuena bai opari pozoindua!

Kilometroa egin aurretik, lekukoa gure ostean hartuko zuten bi emakumeekin elkartu gara eta Euskal Irratietako Charlotte Choryk, haietako batekin solasteko aukera izan du. Hona hemen, Idoye Erraztiren hitzak:

Amaitu orduko, ia arratsaldeko 16.00ak ziren eta energia indarberritzeko bazkaltzera joan gara. Bitartean, Korrikak aurrera egin du Busturialdean barrena eta Ea, Ibarrangelu, Elantxobe, Arteaga eta Kortezubitik igaro da.

Gernikan berriz lotu gatzaizkio eta bertaratutako jendetzak aho bete hortz utzi gaitu. Bazirudien herri osoa zela kalean! Altzairu denda bateko eskaparatean, urte ezberdinetako Korrikako petoak jarri dituzte. Irudi harrigarriak utzi dizkigu Korrikak Gernikan, baita une bereziak ere. Korrika Juntetxetik pasatu denean, 1544. kilometroan, lekukoak Gernikako arbola inguratu du. Modu honetan, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena gogoan eduki nahi izan dute. Mundakan, ordea, bertako arraun taldeak traineru eta guzti egin du Korrika. Bermeo aldean, eguzkia izkutatzen hasi da eta zazpigarren egunak azken orduetako kilometroak betetzen jarraitu du.

Hala, Uribe Butroen sartu da 21.00ak aldera eta Bakion, adibidez, omenaldi xume bat egin diote urtero Korrikan parte hartzen zuen Txetxu Ugalderi. Datozen orduetan,Uribe Kostan sartuko da eta Erandion, batelean eta paddle surfean zeharkatuko du lekukoak itsasadarra Barakaldoraino.

Bihar, Bizkaian aurrera segituko dugu, eta hiriburura helduko da Korrika. Bilbon, Bilbo Hiria irratiko lagunek, jarraipen berezia egingo dute arratsaldeko 18.30etatik aurrera eta Arrosa ere, han izango da gertatzen den guztiaren berri emateko. Ea 97irratia-ko lagunekin ere egoteko aukera dugun! Badakigu urduri zaudetela eta lasai, ordu gutxi barru, han eta beste hainbat herritan egongo gara eta! Argi Aiaraldeako lagunak ere, Korrika Arabara berriz itzuliko baita 8. egunean!

Gaur, Foruko barnetegian lo egingo dugu, euskara ikasten ari diren ikasleez inguratuta. A zer plazera! Eskerrak eman behar dizkiegu, ez soilik egin diguten harrera beroagatik, baita lanean geunden bitartean meriendatzen (gaueko 21.30etan) eman digutelako! Ea bihar eguraldia zintzo portatzen den eta nahiz eta eguzkirik ez ikusi, hodeiak ez diren bihurrikeriaz jokatzen.

Hurrengo podcasta

BERTSOINKA-Bera eta Ansoaingo final aurreko saioak

og. Api 6 , 2017