Korrika badatooor, Arrosa badoaaa!

Published On 29 martxoa, 2017 | By Arrosa | Arrosa Berriak, BERRIAK

Irrika, poza, alaitasuna, urduritasuna…hamaika dira Korrikak barren barrenean sortzen dizkigun emozio eta sentimenduak. Bi urtetik behin, milaka lagunek Euskal Herriko kaleak eta errepideak euskararen aldeko aldarrikapenez betetzen dituzte.

Zenbat alditan entzungo genuen azken egunotan “Korrika badator!” oihua bizilagun, lankide, kuadrila artean…? Badira antolakuntza lanetan parte hartzen dutenak, tokian tokiko jai bereziak antolatzen dituztenak, kilometroa erosten dutenak, zapatilak jantzi eta egun batez kirolari profesionalen antza hartzen dutenak….Eta Arrosatik ere, nola ez, gure aletxoa jarri nahi dugu.

Arrosa Irrati Sarea osatzen dugun irratiok biltzen gaituen ezaugarri nagusia euskara da eta AEKren gonbiteari esker, Korrika gertu gertutik jarraitu ahal izango dugu egunero. Beraz, gauero, eguneko kronika eta elkarrizketak zuekin partekatuko ditugu, www.arrosasarea.eus webgunearen bidez eta sareko hainbat irratiekin egingo ditugun zuzeneko konexioen bidez. Besteak beste, Info7, Halabedi, Eguzki, BilboHiria, Xorroxin, Oiartzun, KKinzona eta 97 irratiarekin mintzatuko gara. Eta nola ez, egunero arratsaldeko 17.00ak pasatxoan, Zebrabidea irratsaioan  izango gara Korrikako giroa zuzenean entzuleekin partekatzeko prest.

Horrez gain, eta euskaraz emititzen dugun irrati ezberdinen arteko elkarlanaren ondorioz, saio bereziak eskainiko ditugu Otxandiotik eta Iruñeatik, alegia, lehendabiziko eta azken egunetan. Bizkaia irratia, Euskadi irratia, Arrosako kide diren Euskal Irratiak eta Arrosa Sareak parte hartuko dugu bihar arratsaldeko 16.00etatik 17.00etara Otxandiotik. Gainera, azken egunean, Iruñeako Eguzki irratiak 2 orduko saio berezia eskainiko du ere, goizeko 11etatik aurrera.

Datozen egunotan, Euskal Herrian badago zer entzun. Piztu irratia eta bizi Korrika Arrosarekin batera!

KORRIKA BADATOR, ARROSA BADOA!

Arrosa Sareko irratiok Korrikarako prest

Comments are closed.