Info7 irratiak entzule, kolaboratzaile eta bazkideekin batera ospatuko du bere X. urteurrena festa bikoitz batekin

Hamar urte ez dira egunero betetzen eta urteurren borobil honen aurrean, ugariak dira Info7 irratiak urtean zehar antolatu dituen jarduerak. Nork ez du uda honetan La Jodedera musika taldeak  urteurrenerako espreski egindako kantuarekin dantzatu? Akaso  batek baino gehigok KaleGorrianeko lagunekin topo egin du herri ezberdinetan burutu dituzten saio ibiltari horietako batean ere.

Orain, entzule, lagun, kolaboratzaile eta bazkideak elkartu nahi dituzte , Info7 irratiaren aldeko topa bat egiteko, eta 10 urteak festa giroan ospatzeko. Horretarako festa bikoitza antolatu dute urriaren 14an eta azaroaren 18an.

Lehenengo hitzordua, Donostiako GAROA liburu dendan izango da, arratsaldeko 18.00etan. Bertan, Euskal Herriko 3 bakarlariren ahotsaz gozatzeko aukera izango dugu: folk-rock musikaren alorrean ibilbidea luzea duen Andoni Tolosa Morau, euskara hutsez osatutako lehen rap bilduma egin zuen La Chula Potra (ezaguna egin zena Yolanda Barcinari) eskainitako “Una bofetada”  kantuaren ondorioz) eta  Izaro de Andres, musika munduan arrakasta handiz murgildu berri den arratiarra. Beraz, ibilbide eta estilo ezberdineko abeslari hauetaz gozatu nahi baduzue, sarrerak aldez aurretik edo egunean bertan lortu ahal izango dituzue 4 euroren truke Donostiako Garoa Liburu dendan (Zabaleta Kalea, 34, Donostia).

Bigarren hitzordua, ordea, azaroaren 18an izango da Donostiako Le Bukowski antzokian. Bost euroren truke, “Joseba Tapia & besamotzak”-en proiektu berriaz gozatzeko aukera eskainiko digute arratsaldeko 20.00etatik aurrera.  . Bere kantutegiko 14 kanta berritu eskainiko dizkio ikusentzuleari hainbat musikariak lagun, besteak beste, Dani Narbarte, Iñigo Telletxea, Anje Duhalde edota Iker Iriarte. Esan beharra dago, gainera, egitasmo honetaz gozatzeko aukera bakarra zuzeneko emankizunak izango direla, beraz, ez galdu aukera! Sarrerak, egunean bertan egongo dira salgai.

Honenbestez, Arrosa Irrati Saretik ere, Info7rekin batera X.urteurrena ospatzera gonbidatzen zaituztegu. Eta nola ez, zorionak eta segi uhinak astintzen!

Hurrengo podcasta

IRRATIEN TARTEA: fracking debekua, errepresioa, landa eremuko berriak eta agenda

ar. Urr 11 , 2016