Podcast: Play in new window | Download
Askorentzat artearen barneko senide ahaztua da eskultura. Garai helenistikoan sei arte mota sailkatu ziren, ondoren, arte klasikoak moduan ezagutu direnak: arkitektura, pintura, musika, dantza, literatura eta eskultura. Historian zehar eskulturak ondare kulturalean izandako garrantzi handia ukaezina da, baina egun, garaiak aldatu egin dira, eta beste begi batzuekin ikusten da. Euskal Eskultura Bizirik egitasmoan eskultura zaharrak berriekin uztartzeko saiakera egin zuten iazko azaroan, gaur egungo eskultoreei, eta zehazki oiartzuarrei, garrantzia emanez. Orduan egindakoak oinarrian, Oiartzunek euskal eskulturaren mugimenduari emandako tartea handituko dute apirilaren 19an, bigarren olatua iritsiko da. Hala, Oiartzungo Landetxe Kultur Aretoan, hainbat oiartzuarrek elkarlanean sortutako eskultura irakurketaren performancea egingo dute, eta ondoren, iazko azaroan herrian izan ziren eskultura erakusketekin osatutako ‘Euskal eskultura bizirik’ dokumentala proiektatuko dute’. Honen inguruan gehiago jakiteko, Zebrabidean izan dira Neka Martiarena eta Mikel Mendizabal.






























