Podcast: Play in new window | Download
Indie garatzaileek The Triple-i Initiative ekimena antolatu dute beste urte batez, apirila berotzeko asmoz. Ohi bezala, titulu independenteen aurkezpenak, garatzaileei egindako elkarrizketak eta gehiago batu dituzte, guztira 40 bat bideojoko erakutsita.
Horietatik nabarmenenak ekarri ditugu Game Erauntsia irratsaioa. Batzuk ezagutzen genituen; esaterako, Castlevania: Belmont’s Curse, Thick as Thieves, Dead as Disco, Warhammer Survivors edo Super Battle Golf igaro dira emanalditik. Iragarpen berri interesgarriak ere egon dira, ordea: Don’t Starve Elsewhere, Prove You’re Human, Graveyard Keeper 2 eta gehiago aipatu ditugu gurean.
Nintendo indar betean dabil azkenaldian. Aurrekoan bere jokoei buruzko zurrumurruak aipatu genituen, eta, horien zain jarraitzen dugu, baina, tartean, bere saga maitatuenetako baten atal berriaren data utzi digu: Rhythm Heaven Groove uztailaren 2an merkaturatuko du.Betiko premisa berbera biziberritzera dator Switch kontsoletan: erritmoz betetako probak eta desafioak gainditzea izango da erronka.
Sifu euskaraz
Euskarazko bideojoko berria jaso dugu. Oraingoan, handia da: Sifu zoragarria gure hizkuntzan gaindi dezakegu oraindik aurrera. Josu Igoa zale eta itzultzaile beteranoaren lan berria da. PCan ikusiko dugu euskaraz, ez ofizialki: Windows, GNU/Linux eta MacOS euskaratzeak prestatu ditu Sloclap taldearen arte martzialen abentura sariatuarentzat.
Albiste laburretan Amazon Luna hodeiko zerbitzuaren murrizketak, aurten estreinatu behar den Professor Layton and the New World of Steam puzzle abenturaren bertsio berriak nahiz Capcom-en Resident Evil edo Breath of Fire klasikoen Steam saltokiko estreinaldiak aipatu ditugu.






























