SOINUGELA: Taylor Hawkins, Winter anaiak, Rufus Wainwright, Oumou Sangaré, Joe Gibbs

Martxoaren 25ean zendu zen Taylor Hawkins, Foo Fighters taldearen bateria jolea, Kolonbiako Bogota hiriburuan. Dave Grohl-ek, Nirvana taldearen kide ohiak sortu zuen Foo Fighters, eta 3. diskorako, 1997an, Taylor Hawkins sartu zuen taldean. Bateria jole eta, zenbaitetan, kantari ere aritu da hil arte, taldekide ezinbestekoa bihurtuta. Entzun dizkiogunak: Cold Day in the Sun eta Holy Man.

Argitaratu berri den Brother Johnny izeneko grabazioa, Edgar Winter-ek bere anaia Johnny zenaren omenez egindako kantu bilduma da. Musikari askoren laguntza izan du Edgarrek: Ringo Starr, Joe Walsh, Billy Gibbons, Joe Bonamassa, Keb’Mo’… Kantu batzuk entzun ditugu, blues eta rock eremukoak, disko honetatik: Mean Town Blues (Joe Bonamassa), Johnny B. Goode (Joe Walsh), I’m Yours and I’m hers, Got My Mojo Working (Bobby Rush), Guess I’ll Go Away (Taylor Hawkins).

Rufus Wainwright kantari-kantuegile amerikarrak Unfollow the Rules disko berria iragan apirilean aurkeztu zuen Donostian. Hamarkada luze bat egon da pop musikatik urrun, opera pare bat konposatu eta Shakespeareren sonetoak musikatzen. Orain bere lanik helduena ekarri digu eta guk kantu batzuk aukeratu ditugu bertatik: Trouble in Paradise, Damsel in Distress, Romantical Man eta This One’s for the Ladies.

Maliko Wassoulou aldeko Oumou Sangaré kantariak, Timbuktu izena duen disko berria ekarri digu Baltimoretik. Pandemiaren eztanda garaian AEBetan zegoen Oumou, Acoustic bere aurreko lana aurkezten, eta bertan geratu zen, Marylanden. Beraz, ez da harritzekoa Timbuktu bilduma berri horretan blues kantuak aurkitzea, azken finean, bluesaren bihotzak Maliko ipar aldeko musikarekin harreman handia baitu. Entzun ditugun kantuak: Wassulu don, Sira, Degui N’Kelena, Gniani Sara eta Kélé Magní.

Gaur ere Jamaikara joan gara, 1971-1972 bitartean Joe Gibbs ekoizle handiak hasierako reggae eremuko kantu batzuk entzuteko: The Gardener (Judy Mowatt), Don’t Be Prejudice (Max Romeo), God Bless the Children (The Heptones), Peace Maker (Max Romeo) eta Make Love Not War (U-Roy).

Deskargatu hemen.

 

The post SOINUGELA: Taylor Hawkins, Winter anaiak, Rufus Wainwright, Oumou Sangaré, Joe Gibbs first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

Euskal Herriko elektronikaren eszenak muskulua atera du!

og. Mai 5 , 2022