SOINUGELA: Konfinamendu garaian joan zaizkigun musikariak

Aste honetako Soinugelan azken lau hilabeteetan zendu diren musikariak gogoratu nahi ditugu, haietako bakoitzaren kanta bat entzunez. Batzuk zuzenean hil dira Covid 19 birusaren erasoaren ondorioz, eta gainerakoak beste gaixotasun batzuek jota, baina guzti-guztiak konfinamendu garaian joan zaizkigu. Hona, beraz, gorazarre egin nahi diegun musikari hilen zerrenda aski luzea:

Joseph Shabalala: Zulu herriaren baitan sorturiko musikari hau Ladysmith Black Mambazo abestaldearen sortzailea eta zuzendaria genuen, eta 1986an mundu mailako arrakasta bildu zuen Paul Simonekin batera grabatu zuten Graceland diskoari esker. Jakina denez, disko hori World Music deiturikoaren hastapeneko diskotzat jotzen dute adituek. Homeless izeneko kanta Paul Simonek eta Joseph Shabalalak konposatu zuten, elkar hartuta.

Ivan Kral: Gitarra jotzaile hau 71 urte zituela hil da joan den otsailean. Jatorriz txekiarra bazen ere, gazterik joan zen AEBetara, eta han abiatu zen musika munduan. Baxua ederki jotzen zuen musikari hau Patti Smith, Iggy Pop eta beste sortzaile ezagun askoren laguntzaile aritu zen luzaroan. Musikaz gain, zinea ere gogokoa zuenez, biak bildu zituen The Blank Generation dokumentalean, punkak New Yorken izan zituen sorrera eta bilakaera kontatzeko zuzendu zuena.

Crazy Cavan: Galesko musikari honek goi mailara eraman zuen rockabillya Britainia Handian Rhythm Rockers taldearekin. Gazterik igo zen oholtzara aurrenekoz, eta oraintsu arte han jarraitu du bere musikaz bazterrak alaitzen. Saio honetan Rockabilly Rules OK entzungo dugu.

McCoy Tyner: Jazzak inoiz eman duen piano jotzailerik hoberenetariko bat ere joan zaigu joan den martxoan, McCoy Tyner, 1938an Filadelfian jaioa. Bere bizitza luzean hogeitaka disko grabatu zituen, haietako asko jazzaren benetako maisuekin. Bost urtez John Coltrain handiaren laukotean jo zuen, eta beronen funtsezko disko batzuetan entzuten den pianoa McCoyTynerrena da, hain zuzen.

Luis Eduardo Aute: Artearen adierazpide guztiak maite zituen sortzaile espainiar honek. Olerkiak idazten zituen, margolanak sortzen zituen eta kantu ederrak konposatzen zituen, beti ere finezia eta dotorezia handiz. Gaur entzungo dugun kanta hamaika aldiz entzun dugu denok, baina denborak ez dio baliorik kendu. 1975eko irailean, hil hurrean egon arren, Franco diktadoreak bost lagunen heriotza zigorra sinatu zuen: FRAPeko hiru militanterena eta Txiki eta Otaegi etakideena. Diktadorearen hilburuko politiko makrabo horren berri izan bezain laster, Luis Eduardo Autek Al alba maitasun kantu hunkigarria sortu zuen, protesta gisa.

Bob Andy: Reggae esparruan ibilbide luzea eginda zeukan 1944an Kingstonen jaio eta aurten hil zaigun Bob Andy jamaikar musikariak. Gaurko saioan To Be Young, Gifted and Black abesti ezaguna entzungo dugu, Bob Andyk bikotekide zuen Marcia Griffiths kantariarekin 1970ean grabatu zuena. Kanta, berez, Nina Simonerena da, eta, denboraren poderioz, arrazakeriaren aurkako himnoetariko bat izatera heldu da.

Kenny Rogers: Kantari hau ere zendu zaigu konfinamendu garaian. Houstonen jaio zen 1938an, eta musikan jazzaren bidetik abiatu zen hastapenean. Geroztik, hainbat estilo eta esparrutan aritua genuen, popean eta pop rockean esaterako, baina arrakastarik handienak country musika egiten hasi zenean lortu zituen. Orain entzungai jarriko dugun kanta bere ibilbidearen hasierakoa da, 1968koa, hain zuzen ere.

Manu Dibango: Kamerungo saxo jotzaile bikaina dugu Manu Dibango, askok afrofunk musikaren ordezkari nagusitzat jo izan dutena. Bera ere berrikitan hil zaigu koronabirusaren pandemian. Gaztetan Parisera jo zuen, eta han hasi zen musika munduan, baina sekula ere bere afrikar erroak galdu gabe. Disko ahaztezinak utzi dizkigu Manu Dibangok, ederrenetako bat Eliades Ochoa eta Cuarteto Patriarekin grabatu zuen Cubafrica izenekoa izanik.

John Prine: Amerikako Estatu Batuek azken hamarkadetan eman duten kantautorerik handienetako bat ere eraman digu koronabirusak, John Prine. Hemezortzi disko laga ditu, eta haietan kantu sakon eta bikainak, Amerikako Estatu Batuetako gizartearen eta politikaren erradiografia zehatza egiten dutenak. Sam Stone honetan, kasurako, Vietnamdik, dominez gain, heroinaren mendekotasuna ere ekarri duen soldadu baten historia kontatzen digu.

Eric Weissberg: Gitarra eta banjoaren maisua izan da denbora luzean. Artista ospetsuenei laguntzen ikusi izan dugu beti, Bob Dylan, Judy Collins, Art Garfunkel,
Billy Joel eta beste askori. 1972an gitarra eta banjo baten arteko duelu izugarri ona moldatu zuen Deliverance filmerako. Entzun dezagun, beraz, Dueling Banjos ezaguna.

Tony Allen: Kritikari askoren iritziz, agian inoizko bateria jotzailerik onena. Nigerian sortu zen, Lagos hiriburuan, eta musikan hasi eta berehala, bikotea osatu zuen Fela Kutirekin. Beronek behin baino sarriago adierazi zuen, Tony Allen egon ezean, afrobeat musika ez zela inola ere sortuko. Tony Allenek ederki ezagutzen zituen jazz esparruko bateria jotzaileak. Bere ekarpenik handiena klasiko horien erritmoei Afrikako berritasunak ekartzea izan zen, dudarik gabe.

Hamilton Bohannon: Perkusio eta batería jotzaile bikain hau oraino eskolan zegoela hasi zen jotzen bere jaioterrian, Georgia estatuko Newman herrian. Baina gero Detroitera jo zuen, eta han funk eszenako musikari hoberenekin aritzeko aukera izan zuen, Stevie Wonder, The Supremes eta The Temptationsekin, besteak beste.

Ahmed Ismail Hussein: «Lautearen erregea» esaten zioten, eta ez da harritzekoa, Ahmed Ismail Husssein musika tresna horren benetako maisua izan delako luzaro. Bera ere berrikitan hil zaigu Londresen, 91 urte zituela. Yemenen ikasi zuen lautea jotzen, eta 50 eta 60ko urteetan Somaliako folk musikaren aita pontekoa izan zen. Baina rocka ere maite zuenez, hango agintari atzerakoiek ez zuten haren lana begi onez ikusten, eta Europara alde egin beharra izan zuen. Ahmed Ismail Hussein eta bere lautea ezinbesteko ereferentzia dira Arabia aldeko musika ezagutzeko.

Little Richard: Egia esan, dena zeukan kontra, arrakastarik ez izateko, txikia, beltza eta homosexuala zelako, baina bere kategoria hain handia zen, ezen laster rockaren izar handienetako bat izatera iritsi baitzen. Georgiako Macon herrian jaio zen, beste izar bi, James Brown eta Otis Reding jaio ziren herrian. Kantuegile aparta izan zen Little Richard, hitak bata bestearen ostean sortzen zituena eta oholtza gainean kemenez eta indarrez interpretatzen zituena. Jarraian entzungo dugun Long Tall Sally kantuan primeran hautematen da Little Richarden kemen berezia.

Bill Withers: Konfinamendu garaian zendu diren musikarien zerrenda gehiago luzatzea bagenuke, baina gaurkoz Bill Withersi egingo diogu azken gorazarrea. Mendebaldeko Virginian 1938an jaiotako musikari honek bide oparoa egin du soularen esparruan, hain oparoa, non musika mota horren erreferente nagusietako bat baita. Segidan entzungo dugun kanta Just A I Am diskotik aterea dago eta Ain´t No Sunshine du izena

Hurrengo podcasta

ANTXOEN BERTSOA (112) - Kamioika bertso

ar. Eka 9 , 2020