SOINUGELA: The Guess Who, Dylan eta Old Crow Medicine Show, Don Inorrez, UB40, Dexys, Burning Spear #PedroEliasIgartua

Kanadatik datorkigu gaurko urrezko kantua. The Guess Who taldea Randy Bachman-ek 1965ean Winnipeg-en sortu zuena. 1970ean American Woman kantua kaleratu zuten, baita izen bereko LPa ere. Kantu horrekin mundu osoan arrakasta izan zuten. Single haren B aldean zegoen No Sugar tonight: New Mother Nature abestia ere entzun ditugu.

Don Inorrez Imanol Ubedaren talde berria dugu, eta Mugiro Bila bere estreinako bilduma. Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean eta Peiremans taldeetan egona dugu Imanol. Orain, Karlos Aranzegi (bateria), Jacob Reguilon (baxua) eta Paco Locorekin (teklatuak eta produkzioa) oso lan borobila lortu du. Entzun ditugun kantuak, dirty-pop esparru honetakoak: Segika ditut, Kristoren gonbidapena, E. Jauna eta Brunch In The Lodge.

Jamaikako Burning Spear kantari rastafaria izan dugu ondoren. 1975ean egin zuen Slavery Days entzun dugu, baita 76an ekoiztu zuen kantu bereko dub bertsio instrumentala ere. Urte bereko People get ready ere entzun dugu, baita 1980an egin zuen Hail H.I.M. ere.

UB40 taldeak aurten egin duen A Real Labour of Love diskotik hiru kantu aukeratu ditugu: She Loves Me Now, Hush Darling eta Moving Away.

2017an Bob Dylanen Blonde on Blonde grabazio bikainaren 50. urteurrena bete zen eta Old Crow Medicine Show string-bandak Nashvillen bertan, Dylanek grabazioa erregistratu zuen hirian, disko hartako 14 kantuak birgrabatu zituen zuzenean, Country Music Hall of Fame aretoan. Entzun ditugun bertsioak: I Want You, Most Likely you go your way and I’ll Go Mine, Absolutely Sweet Marie, Leopard-Skin Pill-Box Hat eta Just Like A Woman.

2016an Kevin Rowland eta Dexys taldeak Let The Record Show grabatu zuten, Irish eta Country Soul eremukoa zela zioten eurek. Bertatik entzun ditugunak: Women of Ireland, You Wear It Well,  Carrickfergus eta The Town I Loved So Well.

Hurrengo podcasta

GAUR EZ DAGO ESKOLARIK: Lur eta Hodeik txakur bat topatu dute kalean

ol. Api 27 , 2018