KORRIKA: 3. eguneko Kronika

Kadreitatik Kastejonerako bidea egiten ari zela, Korrikaren 3. egunari eman zioten hasiera. Gaualdea lasaia izan zen Zentroniko, Tutera, Arketas edota Balterra inguruan eta Alesbesera heldu orduko, lehen eguzki izpiek giroa epeltzen hasiak ziren. Martzillan, herriko eta inguruko herrietako jendea irten zen errepidera. Horien artean, Faltsez, Azkoien eta Zarrakaztelukoak, beraien herrietatik ez baitzen Korrika pasatzen.

Bitartean, Arrosako Zebra Tafallan esnatzen ari zen eta bapo gosaldu ostean, Kaparrotsurako bidea hartu zuen. Konpainia onean joan zen gainera, Oarsoaldeko AEK-ko maskota, Astokilo, kopiloto lanetan ibili baitzen.

Beranduago, “Egunooooon Kaparrotsuuuu” oihuaz sartu zen Korrikako furgoneta herrian. Bertako eskolako irakasle eta guraso banari, furgonetara igotzeko eskaintza egin zieten, eta euren emozioaren berri eman zieten gidariei. Ez omen da ohikoa Korrika herritik pasatzea eta ondorioz, ilusio handiz hartu zuten. Eskualdean euskararen aldeko borroka zaila suertatzen zaiela onartu zuten, baina atzoko egunari esker, indarberrituta daudela adierazi zuten. El Murillo eta Pitillaseko biztanleek ere, euskararekiko duten konpromisoa argi utzi zuten ibilbide guztian zehar.

Atzoko egunak, momentu bereziak utzi zizkigun Beiren. Bertan, duela gutxi zendu zen Carlos Del Villar herrikidea omendu zuten. Izan ere, aurreko urteetan, Korrika laguntzaile fina izan da. Hala izanik Euskal Irratietako Charlotte Chorhy eta biok, herriko gazte batekin mintzatu ginen, korrika nola bizi duten ezagutzeko eta Carlosi egindako omenaldiari buruz galdetzeko. Hona hemen bere hitzak: ZOOM0023

Bidean aurrera, tipi tapa Erriberrira iritsi ziren 20. edizioko korrikalariak. Hantxe, zai zituzten aurten euskara ikasten hasi diren ikasleak.

Eguneko irudia,  ordea, Tafallan kokatu daiteke, Kaleek gainezka egin baitzuten erdigunean. Korrikak herria atzean utzi ostean, jai giroan jarraitu zuten bertako kale eta plazetan. Bazkalorduan, Olleta, Lerga eta Eslaba zeharkatu zituen eta arratsaldeko lehen orduetan pozez eta umoretsu hartu zuten Oibarren.

Zangoza, eguneko beste gune jendetsua bilakatu zen. Pentsa, patatero kuadrila bat bertaratu zela Trebiñu Araba dela aldarrikatzera! Kale ertzetan pilatutako lagunek, txalo artean egin zioten harrera eta amaiera aldean euriak gogor kolpatzen bazuen ere, tinko jarraitu zuten askok aurrera.

Arratsaldean Ledea eta Irunberritik pasa ostean, Domeiñun iluntzeaz gozatu ahal izan zuten. Azkenik, Nabaskotze, Burgi eta Erronkari  izan ziren egunari amaiera eman zioten herriak. Izan ere, iluntzearekin batera eguzkia agurtzen bada ere, Korrikak aurrera darrai. Haurrek zein helduek hartu zuten parte Korrikan, bai bertakoek bai Euskal Herriko beste zenbait zonaldetakoek. Erronkari ibarrean, esate baterako, Erronkariko herri guztiek hartu zuten parte: eragile ezberdinek, eskolako irakasle, ikasle zein gurasoek…

Bihar goizaldean, Aribera helduko da. Adi, beraz, Irati irratiko lagunak! Ordu gutxi barru, Korrika han izango duzue eta!

Eguraldiari dagokionez, atzo bezela, kamaleoiaren mozorroa jantzi zuen. Han eguzkia, hemen euria. Batetik haize freskoa, bestetik ortzadarra. Baina guztietan irria ahoan ikusi ahal izan genituen parte hartzaileak!

Hurrengo podcasta

SOINUGELA: Sly and The Family Stone, Grateful Dead, Itziarren semeak...

lr. Api 1 , 2017