Zebrabidea urriaren 6an jarriko da martxan


Datorren urriaren 6an jarriko dugu martxan Zebrabidea irratsaioa. Arratsaldeko 16:00etan hasita, eguneroko 2 orduko magazina izango da, eta Nekane Zinkunegi kazetariak gidatuko du. Ez da, baina, irratsaioko ahots bakarra izango, Arrosa Sareko hainbat irratitako lagunek parte hartuko baitute irratsaioaren ekoizpenean.

Ez da kontu berria Zebrabidea elkarlanean egitearen kontu hau. Izan ere, azken lau urteetan Info7, Antxeta, Tas-tas, eta Hala Bedik parte hartu dute irratsaio honen ekoizpenean. Aurtengo berrikuntza nabarmena gidari bakar bat izatea da, eta arestian aipatu bezala Nekane Zinkunegi izango da gidari. Info7 irratiaren estudioetatik ariko da, eta Arrosa Irrati Sareko irratietan entzun ahal izango da.

Baina ez da berrikuntza bakarra izango. Orain arte ez bezala, astean bi tertulia egingo ditugu arratsaldeko 16:30ak aldera, astearte eta ostegunetan. Horretaz gain, eta aurreko urteen haritik, kolaboratzaile ugari izango ditugu astero gurekin. Eurekin, askotariko gaiak jorratuko ditugu: literatura, musika, generoa, teknologia berriak… Elkarrizketak, egunak eman duenari errepasoak, Euskarazko beste komunikabideekin kolaborazioak, eta abar… izango dira gure eguneroko menuaren beste osagaiak.

10 urte dituen irratsaioa da Zebrabidea. Hasieran, Gasteizko Hala Bedi Irratian egiten zen, eta aurreneko urteetan bertatik bakarrik entzun ahal zen. Urteek aurrera egin ahala, baina, beste irrati asko hasi ziren irratsaioa ematen, eta bertan parte hartzen.

Hurrengo podcasta

Hau Mundu Bitxia- Arsenikoaren bakterioa eta Aral lakua

az. Urr 1 , 2014