Lur puskak

Kristalezko pote batean sartutako lurra daramat aldean. Aspaldi etxaurrean eskura emandako lurra, herentzian utzi zidatena. Usain egiten diot autobusean noala, jendeak nitaz zer pentsatuko duen kezkarik hartu gabe. Atzamarrekin ukitzen dut itsasoak ezustean harrapa ez nazan negu luzeko uholderik baletor, lehorrean mantentzen nau, euriaz babestu beste aterperik aurkitzen ez dudanetan. Kristalezko potean gordetako lurretan abailtzen dut neure burua, hankak hondoratu belaunetaraino alboetara begiratu eta zorabioak jotzen didanetan, heltzeko besterik ez daukadanean. Izaren zabalera osoa igurzten dut gaualdean lur horrekin loak hartu baino lehen, aurpegia garbitzeko darabilt goizero, haragizkoagoa naizela sentitzen laguntzen dit, buztinezkoago bihurtu. Kristalezko pote batean kabitzen den beste lur daroat nirekin, litro erdi bat gutxi gorabehera, asegaitz zaidan edonor asetzeko beste, inoiz ikusi den iñurrien erresumarik izugarriena eraikitzeko lain, gizaki batek bere burua akabatzeko adina lur, kristalezko pote batean sartuta daramat aldean, non zapaltzen dudan ahaztu ez dezadan inoiz.

Hurrengo podcasta

zaratataraz 12-10-11

og. Urr 11 , 2012

Podcast gehiago