Arnasa

Ahoa indarrez itxi eta arnasari nork denbora gehiagoan eutsi jolastera tematzen ginen orduan. Momentu batez urpeko animalia izateko zer genuen faltan konturatzeko balio zigun. Bagenekien patxada mantentzea zela garrantzitsuena, zenbat eta urduriago jarri, orduan eta oxigeno gehiago beharko genuela irauteko. Inoiz ez bezala puztutako birikak imajinatzen genituen gure saihets artean hazten, ia elkarren kontra talka egiteko moduan handitzen ziren haragi zati bi. Segituan ahazten zitzaizkigun minutu batzuk lehenago munduaren norabidea aldatzeko modukoak ziren kezkak. Arnasaz betetzen genituen birikak gure indar guztiekin eta mugitu gabe geratzen ginen bata besteari so. Hitz egin gabe elkarrekin egoteko modu bat zen hura, etenik ez zuen borrokari pisu apur bat kentzeko egiten genituen gauza horietako bat. Minutu bat irauten genuen horrela gehienez. Minutu bateko suetena ematen genion munduari hark horrelakorik erregutu gabe. Biotako batek amore eman eta ahoa zabaltzen zuenean bukatzen zen jolasa, besteak ez zuen askoz gehiago irauten normalean, irabaztea baitzen kontua ez alferrik sufritzea. Irribarre egiten zuen gero biotako batek, gorritutako aurpegiei begiratzeko hurbiltzen ginen ispiluraino. Birikek min ematen ziguten lotarakoan baina ez ginen egundo elkarri horrelakorik aitortzera ausartu. Arnasa erritmo berean hartzen gintuen loak, arrainen birikiak irudikatzen genituen barruan, munduak bitartean oxigenoa lapurtzen zigun tai gabe.

Hurrengo podcasta

Gobeo Bay reggae talde gasteiztarrak Alfa y Omega lan berria aurkeztu digu 3 Kortxean

ol. Mai 25 , 2012