KORRIKA: 4. eguneko Kronika

Published On apirila 2, 2017 | By Arrosa | Arrosa Berriak, BERRIAK

Laugarren egun honetan, Korrika hiru herrialde ezberdinetatik igaro da. Gau partean, Nafarroako ekialdetik gora egin du eta Korrika pasako den puntu altuenetik egin du bira, alegia, Laza mendatetik. Besteak beste, Izaba, Otsagabia, Orreaga, Luzaide…

Arrosako kide diren Irati Irratiko lagunek, Aribeko kilometro batean lekukoa eraman dute. Gaua hotza izan da, uneren batean elurra izan dute ere, baina Irati Irratiko kideek ez dute umorea galdu. Edozelan ere, tenperaturak eta iluntasunak ez dute ekidin tarteka jende multzo politak biltzea.

Buelta horretan, Arrosako Zebrak egunari hasiera eman dio Iruñean. Autoa hartu eta Donibane Garazirako bidea hartu du.

Bitartean, eta euskarak ez duenez mugarik ezagutzen eta 645. kilometroan, Baxe Nafarroako lehenengo lagunak hartu du lekukoa, Arnegira heldu baino 2 km lehenago. Ordurako ia goizeko hamarrak ziren. Arnegiko bideetatik aurrera eginez, ongietorria egin diote Donibane Garazin. Partehartzea izugarria izan da Korrika egiten zuten artean, baita bide bazterretatik txaloka zeuden herritarren artean ere. 654. kilometroan, Irulegi irratiak lekukoa eraman du.

Baxe Nafarroako hiruburuan Korrika noiz helduko zai geundela, trikitixen doinuaz gozatzen ari zen kuadrila batengana hurbildu gara. Herrian Korrika eta euskara nola bizi duten kontatu digu haietako batek. Hona hemen bere hitzak:

Ondoren, Ortzaizerantz abiatu gara eta bidean sorpresa galanta hartu dugu. Hara non ikusi dugun Arrosa herrira eramaten gaituen seinalea!

Korrikak ez du herria zeharkatu baina urrunetik agur esateko aukera izan dugu. Une polita izan da, Arrosa Irrati Sarearen jaiotza ikusi zuen herria baita. Argazki hau hartu dugun unean, Korrikalariak “Arrosan ere, euskararen alde” oihukatzen ari ziren.

Ortzaizen, Udalbiltzak hartu du lekukoa eta eguerdian, Bidarrairuntz abiatu gara. Luhuso, Kanbo, Halsu… Jatsun, Gure Irratiak lekukoa eraman du 700. kilometroan eta aurrera! Uztaritze, Milafranga, Hiriburu eta arratsaldeko 17.00ak aldera, Baionan sartu gara. Arrosa Sarearein lotura berezia duten Euskal Herria Zuzenean festibaleko lagunak 721. Km-an ikusi ahal izan ditugu eta jarraian, doakotasunaren aldeko bigarren Km-a (lehenengoa Gasteizen egin zen) izan da. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak herritar guztiak deituak zituen bertan parte hartzera. Azpimarragarriak dira Baionan sortu den giro ederra eta parte hartze handia.

Lapurdiko hiriburutik Angelura abiatu da jarraian. Biarritze zeharkatu ostean, Arbonan iluntzea gertu zegoela nabari zen. Korrikaren 4. eguneko azken orduetan, Bidarte, Ziburu eta Urruñako biztanleek zapatilak jantzi dituzte eta 5. egunari, Azkaine eta Sara artean dagoen bidean emango diote hasiera. Egun honetan, Hazparneko Radiokultura irratiak, Mauleko Xiberoko Botzka eta Elizondoko Xorroxin irratiak, lekukoa hartuko dute nork bere herrian. Guztiak prest? Badator Korrika!

Aipatzekoa da ere, gaurkoan Korrika bereziak izan direla Mexiko Hirian eta Chicagon. Korrika egiteaz gain, dantza eta txalaparta tailerrak, kantaldiak, bazkariak eta solasaldiak antolatu dituzte Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunak.

 

Like this Article? Share it!

Comments are closed.