Podcast: Play in new window | Download
Azken hilabeteotan, eskuin muturraren gorakadaren aurrean kezka eta erantzun soziala areagotzen ari dira Europako hainbat lekutan. Euskal Herria ere ez dago eztabaida horretatik kanpo, eta azken asteotan Canon Français izeneko enpresak Biarritzen antolatu nahi duen oturuntzak hautsak harrotu ditu.
Azaroaren 28an egingo dute ekitaldia, Biarritzeko Irati erakustazokan. Antolatzaileen arabera, euskal gastronomia eta kultura ospatzeko oturuntza izango da. Baina hainbat eragilek bestelako irakurketa egiten dute: eskuin muturreko ideiak zabaltzeko eta haren aldeko batasun kulturala eraikitzeko tresna dela salatu dute.
Horren aurrean, herri harresia antolatu dute hainbat herritarrek eta eragilek, Canon Français-en ekitaldia oztopatzeko eta Euskal Herrian eskuin muturrak lekurik ez duela erakusteko. Deialdia Euskal Herri osora zabaldu dute, eta azaroaren 28an mobilizazio jendetsua egiteko asmoa dute Biarritzen.
Gaurkoan, Canon Français zer den, enpresa horren atzean zer interes eta proiektu politiko dauden eta herri harresiaren antolatzaileek zer helburu dituzten jakiteko Zebrabidean izan da Xebax Christy.






























