piperpolis-game-erauntsia

GTA VIren lehen jokagarritasun bideoa ikusita, Steam Machine gailua esku artean daukagu

GTA VIren lehen jokagarritasun bideoa ikusita, Steam Machine gailua esku artean daukagu.

Gamescom azokako bideojokorik interesgarrienak ezagutu ditugu. Adur Azken Erronka euskalduna estreinatu da.

Udako oporraldiaz gozatu dugu Game Erauntsian, baina bideojokoen munduak ez du atsedenik hartu. Hondartzan geundela, Rockstar Games-ek GTA VI handiaren aurkezpen berezia eskaini du; gainera, Valve-k Steam Machine PC-kontsola merkaturatu du, eta eskuratzea lortu dugu.

Azaroaren 19an estreinatuko da Grand Theft Autoren seigarren atala. Lehen jokagarritasun bideoan Jason eta Lucia bikotearen abenturan aurkituko duguna aditzera eman dute egileek: espero bezala, mundu irekia, tiroketak, autoak eta jazarpenak izango dira nagusi. Ikusgarriena atal grafikoa da, kalitate goreneko modeloak, animazioak, argiztapena eta bestelakoak Vice City hirian eskaintzea lortuta. Zalantza asko daude oraindik, halere: hasteko, non geratu da GTA Online multijokalaria?

Bitartean, Steam Machineak eskaintzeko duena aztertzen ibili gara. Kubo itxurako PCak SteamOS sistema eragilea darabil, aurreko Steam Deck-ak bezala, GNU/Linux bidez ia edozein bideojoko mugiarazteko. Benetan gailu interesgarria bada ere, prezioak atsekabetuta utzi gaitu; izan ere, Valvek hasiera batean aurreikusitakoa baino garestiago iritsi da saltokira, nagusiki, RAM eta biltegiratze krisiaren eraginez.

Europako Gamescom azokan ere barneratu gara, denetariko iragarpenak eskaini baitiztute bertatik: Final Fantasy VII Revelation, Fable, Mega Man: Dual Override, Game of Thrones: War for Westeros edo Path of Exile II azaldu dira. Izar nagusia 2015eko The Witcher III izan da, ordea: birmasterizazio landua jasoko du irail bukaeran.

Amaitzeko, Euskal Herrira begira jarri gara, Guda Laia estudioak Adur Azken Erronka kaleratu baitu PC eta Android gailuetan. Euskal mitologia zein gure historia eta kondairak uztartzen dituen rol joko landuan abenturak, txandakako dueluak eta erabakiak dira nagusi. Osorik euskaratuta estreinatu da, gainera, Eneko Azedo garatzaileak sortutako proiektuaren bideojokoa.

 

Hurrengo podcasta

IRRATI NOBELA: ARDOAREN MAITASUNA !: « Odolaren eta arnoaren prezioa » (4/5)

ar. Ira 8 , 2026
Pribatutasun politika

Web honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaileei esperientzia onena eskaini ahal izateko.

Cookie-en informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbt funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak aurkitzen laguntzea.

Pribatutasunari, legezko eskubideei eta cookie-ei buruzko informazio guztia duzu gure pribatutasun-orrian zein cookie-etan