Podcast: Play in new window | Download
Dispatch bideojokoa 2025 bukaeran estreinatutako ezusteko handietako bat izan zen. AdHoc estudio hasiberriak abentura narratibo bereziarekin ekin zion bideojokoen munduko ibilbideari, eta Game Erauntsian probatzeko aukera eduki dugu azkenik.
Lehen jokoa bada ere, AdHoc aski ezaguna den Telltale Games estudioko kide beteranoek osatu dute, eta Dispatchek horien bideojokorik ezagunenen pausoak jarraitzen ditu; hau da, The Walking Dead, The Wolf Among Us edo Tales From the Borderlands maitatuek egin bezalaxe, zinematikaz, erabakiz eta ondorioz betetako istorioa aurkezten du. Superheroiak ardatz dituen unibertso alternatiboan kokatzen da, ordea, eta, gure kasuan, bulegari lanak burutu beharko ditugu, Superhero Dispatch Network enpresan biztanleen larrialdi deiak erantzutea izango baita gure lana.
Analisiaz gain, albistegian AMD enpresaren berriak aipatu ditugu: zehazki, FidelityFX Super Resolution teknologiarenak. FSR 4.1 bertsioa RDNA3 eta RDNA2 txartel grafikoetara eramango dutela baieztatu du enpresa estatubatuarrak, RDNA 4 GPUekin batera. Horrela, norabidea zuzendu, eta aspaldiko erabiltzaileen grafikekin eskalatze sistemaren azken bertsioa erabiltzeko aukera egongo dela baieztatu dute, hauei bizitza luzatuz.
Mina the Hollower da, guretzat behintzat, une honetan garapenean aurkitzen den indie abenturarik interesgarrienetakoa, eta bere kaleratze data zehaztu dute azkenik Yatch Club Games taldeko kideek: maiatzaren 29an estreinatuko da The Legend of Zelda: Link’s Awakening klasikoaren estiloa bereganatzen duen titulua.
Zeldarekin jarraituz, GameCube eta Wii kontsoletan 2006. urtean kaleratutako The Legend of Zelda: Twilight Princess biziberritu dute zaleek. Berezko port-a sortu dute Dusklight proiektuarekin, joko klasikoa hainbat plataforma desberdinetan modu natiboan argitaratuta, eta denetariko hobekuntzak inplementatuta. Zale amorratuenek eskertuko duten elkarlan benetan interesgarria.






























