piperpolis-game-erauntsia

Mina The Hollower da aurtengo indie altxorra

Yatch Club Games-en bideojokoa gainditu eta aztertu dugu. FEZ euskaraz joka dezakegu. GTA VIren informazio berria kaleratu du Rockstar Games-ek.

Bideojoko independenteak maite ditugula aski ezaguna da. Hori horrela, Shovel Knight ikaragarriaren atzean dagoen Yatch Club Gamesen titulu berriaren zain daramagu aspalditik. Mina The Hollower estreinatu da azkenik, eta, inolako zalantzarik gabe, 2027ko altxor handietako bat da.

The Legend of Zelda: Link’s Awakening, Castlevania edo Bloodborne bezalako izen ospetsuen ideiak eta elementuak hartuta, abentura berezia eta originala sortu dute Yatchekoek Minarekin. Irla iluna esploratzea, eta suntsitutako sei txinparta sorgailuak konpontzea izango dira sagu protagonistaren helburuak; tartean, borrokak, plataformak, puzzleak eta sekretu mordoa aurkituko ditu. Balorazio bikainekin eta salmenta nabarmenekin hasi du ibilbidea Mina The Hollowerrek: guretzat, behintzat, gozamen hutsa izan da.

Beste indie altxor klasiko bat ekarri dugu irratsaiora, oraingoan, albiste benetan pozgarriarekin: FEZ mitikoan gure hizkuntzan ari gaitezke jadanik. Josu Igoa bideojokozalea arduratu da 2012ko bideojokoa euskaratzeaz. PCko bertsioa —Windows, GNU/Linux eta MacOS sistema eragileak barne— itzultzea lortu du.

Aurtengo beste joko handiari —handienari, gehienentzat— begira ere jarri gara. Rockstar Gamesek Grand Theft Auto VI desiratuari buruzko datu gutxi batzuk eskaini ditu. Erreserbak abiatu ditu (ekainaren 25ean), eta, hortaz, prezioa ere ezagutuko dugula suposatzekoa da; gainera, azaroaren 19ko kaleratze data sendotu dute, oraindik asko zalantzati baitzebiltzan. Arte ofizial nagusia ere iragarri dute, bide batez: datorren urteotan behin eta berriz ikusiko dugun irudia.

Albiste txarrak ere dakarkizkigu, beste behin, Xbox-en eskutik. Aurreko saioan aipatutako kaleratzeei estudio itxierak gehitu zaizkie: oraindik guztiz baieztatu gabe dago, baina Ninja Theory, Double Fine zein Compulsion Games ezagunak desagertu egingo omen dira, hainbat hedabidek aditzera eman dutenez. Itxi baino, salmentan jartzea ei da Microsoft-en asmoa: estudioek beren burua erosteko aukera edukiko dute.

Hurrengo podcasta

Iraia Cambra · Leku Baten Bila · 2026.06.24

az. Eka 24 , 2026
Pribatutasun politika

Web honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaileei esperientzia onena eskaini ahal izateko.

Cookie-en informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbt funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak aurkitzen laguntzea.

Pribatutasunari, legezko eskubideei eta cookie-ei buruzko informazio guztia duzu gure pribatutasun-orrian zein cookie-etan