Ekaineko bideojokoen estreinaldiak eta udako aurkezpenak

Ekaina iritsi da, eta, horrekin batera, bideojokoen mundua nabarmen berotu da. Game Erauntsia irratsaioan datozen bideojokoei begira jarri gara; ez hori bakarrik, udako aurkezpen handienen zerrenda ere iritsi zaigu.

Jatorri edo girotze japoniarreko jokoak izango dira nagusi egunotan. Nintendo-k Star Fox berregitea kaleratuko du Switch 2an; Square Enix-ek, FF VII Rebirth Switch 2 zein Xbox Series kontsoletan; bukatzeko, Undercoders talde katalanak trenak eta Japonia elkartuko dituen Denshattack! koloretsua utziko digu. Ez dira joko bakarrak izango: Gothic 1 Remake, Hell Let Loose: Vietnam eta The Adventures of Elliot: The Millennium Tales ere estreinatzen dira ekainean.

Aurkezpenei dagokienez, prest eta gogotsu gaude. Jakin badakizuenez, ekaina hilabete garrantzitsua da bideojokozaleontzat, enpresa handien nahiz talde independenteen eskutik dozenaka iragarpen eta ezusteko jasotzen baititugu. PlayStation-en State of Play, Microsoft-en Xbox Games Showcase nahiz Summer Game Fest emanaldiak iragarrita daude, baita elkarte txikiagoen zuzenekoak ere, eta horien ordutegiak errepasatu ditugu. Azkena falta da: Nintendo Direct-aren zain gabiltza.

Lehen ekitaldiak ikusten hasiak gara, ordea, eta iragarpen interesgarriak ekarri dituzte. Square Enixek, adibidez, Dragon Quest mitikoaren 40. urteurrena ospatu du. Duela bost urte iragarritako hamabigarren atalari beste buelta bat eman diote, Dragon Quest XII: Beyond Dreams aurkeztuta.

Aurrera eginez, CD Projekt RED poloniarrak horrenbeste filtrazioetan entzundako The Witcher 3ren espantsio berria ofizialki erakutsi du. Songs of the Past eduki gehigarriarekin itzuliko da Erribiako Geralt aztia.

Bukatzeko, Activision-ek bere Call of Duty tiro joko frankiziaren atal berria ezagutzera eman du: Call of Duty: Modern Warfare 4 urriaren 23an kaleratuko da

Hurrengo podcasta

Topa in Topo #60 Orio

lr. Eka 6 , 2026