SOINUGELA: Lamont Dozier, Bill Pitman, Jerry Allison, Sam Golden, The Rolling Stones, New York Art Rock

Lamont Dozier, Detroiteko kantu egilea, pasa den abuztuaren 8an hil zen, 81 urte zituela. Holland anaiekin batera kanta sorta ederra egin zuen 60ko hamarkadan Motown diskoetxerako. Ez zekien musika irakurtzen ezta idazten ere, baina soul musikaren doinurik onenetakoak egin zituen. Entzun ditugun kanta hunkigarri batzuk: Baby Love (The Supremes, 1964), Stop in the Name of Love (The Supremes, 1964), I Can’t Help Myself (The Four Tops, 1964), Reach Out, I’ll Be There (The Four Tops, 1967), (Love Is Like a) Heatwave (Martha and The Vandellas, 1963), Can I Get a Witness (Marvin Gaye, 1963).

Bill Pitman gitarra jolea ere joan berri zaigu 81 urterekin. Los Angeleseko The Wrecking Crew estudiorako musikarien partaidea izan zen. Ehunka kantu ezinbestekotan hartu zuen parte eta guk kantu hauek milaka aldiz entzun ditugu, jakin barik doinuen sortzailea bera zela. Entzun dizkiogu: Be My Baby (The Ronettes, 1963), Strangers in the Night (Frank Sinatra, 1966), Good Vibrations (The Beach Boys, 1966) eta Mr. Tambourine Man (The Byrds, 1965).

Jerry Allison ere zendu da berriki. Buddy Hollyren The Cricket taldearen bateria jole garrantzitsua izan zen, Hollyrekin batrera kantu arrakastatsu batzuk ere berak konposatutakoak dira, kasurako: That’ll Be the Day (1957), Peggy Sue (1957) eta Not Fade Away (1957).

Sam Gooden The Impressions taldearen ahots apala, Curtis Mayfield-en falsetto ahotsaren azpian, Kantu bikainak egin zituen. Entzun dizkiogu: It’s All Right (1962), Keep On Pushing (1964) eta People Get Ready (1965).

2003ko ekainaren 25ean The Rolling Stones taldeak Euskal Herrian jo zuen estreinakoz, bost urte arinago Athletic Club-en 100. urteurrenarekin zuten hitzordua bertan behera geratu ostean. Jaggerrek “Gabon Bilbao, azkenik hemen gaude” esanez abiatu zuen kontzertu ederra. Urte berean, baina uztailaren 18an, New Yorken egin zuten antzeko emanaldi bat argitaratu dute aurten. Bertatik entzun ditugu: Start Me Up eta Tumbling Dice.

Elvis Costello eta Alan Mayesek 70eko hamarkadaren hasieran Liverpoolen Rusty izeneko taldea izan zuten. Aurreko saioan aipatu genuenez, 50 urte geroago, bikotea berreskuratu dute. Entzun dugun bertsioa Neil Young-ena da: Everybody Knows This Is Nowhere / Dance, Dance, Dance.

New York-eko art-rock eszenan grabatu ziren gauzekin Mojo aldizkariak bilduma egin zuen udaberrian, guk kantu bi entzun ditugu handik: Blank Generation (Richard Hell, 1977) eta Nothing Left (Alan Vega, 2015).

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: Lamont Dozier, Bill Pitman, Jerry Allison, Sam Golden, The Rolling Stones, New York Art Rock first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

Ostiraltxo (2022/10/07)

ol. Urr 7 , 2022