SOINUGELA: Bettty Davis, Miles Davis, U-Roy, Still River, Nacho Vegas

Betty Mabry abeslaria Miles Davies jazzmanarekin ezkondu zen 1968an eta Betty Davis bihurtu zen bere izen artistikoa. Urtebete egin zuen bakarrik Miles-ekin, baina garai eraginkorra izan zen. Bettyren bitartez Milesek Sly Stone eta Jimi Hendrix ezagutu zituen eta tronpetalariaren musika aldatu zen. 1969an Bitches Brew grabazioarekin gailur batera igo zen Davis. Aipatutako musikari guztien musikak entzun ditugu: Nasty Girl (Betty Davis, 1935), Frelon Brun (Miles Davis, 1968), Dance to the Music (Sly and The Family Stone, 1968), Voodo Child (The Jimi Hendrix Experience, 1969), F.U.N.K. (Betty Davis, 1975), Miles Runs the Voodoo Down (1969), Back Seat Betty (Miles Davis, 1981) eta Dedicated to the Press (Betty Davis, 1975).

Euwart Beckfordek U-Roy izan zuen izen artistikoa eta Kingstonen, sorlekuan bertan, hil zen. Reggae, dub eta dancehall estiloetako abeslari handia eta toasting-aren aitapontea izan zen Jamaikan. Oso estilo melodikoa zuen eta musikaren tenpo-a menperatzen zuen. Oraintsu berrargitaratu da bere lehenengo kantu bilduma, 1971n erregistratu zuen Version Galore. Entzun dizkiogunak: Version Galore, Tide Is High, Wear You to the Ball eta Nehru.

Ipar Amerikako Don Carabandak sortu zuen Bilbon Still River taldea 2011n, soul-rock-a egiteko asmoz. 2016an grabatu zuten Wood and Wire grabazioa ekarri dugu eta, bertati, pare bat abesti entzun ditugu: High Time, Cold Wind eta Jeremiah.

Xixoneko Nacho Vegas kantari-kantuegileak 2015ean Vinu, cantares y amor grabatu zuen. Kantu hori entzun eta, jarraian, Anarik euskaratutako bertsioa entzun dugu. Bukatzeko, Ámenme, soy un liberal entzun dugu. Hori Vegasen eskutik Phil Ochs-en Love Me, I’m A Liberal abestiaren bertsio ederra dugu.

 

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: Bettty Davis, Miles Davis, U-Roy, Still River, Nacho Vegas first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

Bidasoa Attak! - Euskal Maketak

ol. Mar 18 , 2022