SOINUGELA: Lloyd Price, Pervis Staples, Rusty Young, Billy Gibbons, Peter Green, Silvertones, Tony Joe White

Gaur azken asteotan hil diren musikari batzuen musikarekin hasiko gara. Maiatzaren 3an Lloyd Price zendu zen New Yorken. Louisianan sortu zen 1933an eta 50eko urteetan rhythm and blues musikaren erraldoia bilakatu zen. Entzun dizkiogun kantuak: Lawdy Miss Clawdy (1953), Stagger Lee (1958).

Pervis Staples maiatzaren 6an hil zen 85 urte zituela. The Staple Singers gospel taldean egon zen bere aitarekin, Pops eta bere hiru arrebekin urte luzez izan ziren gospel musikaren izarrak. Entzun dugu 1968an grabatutako Curtis Mayfiel den kantua: People Get Ready.

Rusty Young Kaliforniarra ere joan zaigu. 1967an Buffalo Springfield taldean zegoen eta, hortik, Richie Furayekin batera, Poco taldea sortu zuen. Country Rock eremuan eurek The Eagles taldeari zabaldu zioten bidea. Rustyk steel gitarra jotzen zuen eta gero eta kantu gehiago idatzi zituen, famatuena 1976an Pocok grabatutako Rose of Cimarron.

Billy Gibbons texastarra Z.Z. Top taldearen burua izan zen urte luzez. Aurten grabazio berria aurkeztu du, Hardware izenekoa, eta betiko bere erritmoak berriro dasta ditzakegu bertan. Bertatik entzun ditugu My Lucky Card, She’s on Fire, West Coast Junkie, Stackin’ Bones eta Desert High.

Gaur ere Jamaikara egin dugu txango txiki bat eta 1973an Silvertones izeneko taldea, Lee Scratch Perry-ren produkziopean egindako grabaziotik kantu batzuk aukeratu ditugu: Sugar, Sugar, Souvenir of Mexico, Rejoice Jah Jah Children, Soul Sister eta Skanking Mathilda.

Peter Green blues jole eta kantu egile handiak Fleetwood Mac taldearen lehenengo garaian rol nagusia izan zuen eta kantu ikaragarri garrantzitsu zenbait egin zituen. Gero, osasun arazoak tarteko, taldea utzi behar izan zuen. Iragan urtean, pandemia hasi baino egun batzuk arinago, Mick Fleetwood bere taldekide ohiak kontzertu handi bat antolatu zuen, lagun askoren laguntzarekin. Kontzertu hartan grabatutako kantu batzuk entzun ditugu: Man of the World, Oh Well, Black Magic Woman eta Albatross.

Tony Joe White, “The Swamp Fox”, Louisianako country rock kantari-kantuegile ikaragarria izan zen. 2018an hil zen eta, erdi ekoiztuta utzi zituen kantu batzuk orain Dan Averbach-ek bukatu ditu eta Smoke from the Chimney bilduma ederrean argitaratu ditu. Entzun ditugun kantuak: Polk Salad Annie, Rainy Day in Georgia, Boot Money, Del Río, You’re Making Me Cry eta Bubba Jones.

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: Lloyd Price, Pervis Staples, Rusty Young, Billy Gibbons, Peter Green, Silvertones, Tony Joe White first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

RATZENOFF 129

az. Uzt 7 , 2021