SOINUGELA: Neil Young, Paul Simonen kantutegia, Jabier Muguruza, Wilco, Gene Clark

Published On 9 abendua, 2019 | By Soinugela BILBO HIRIA IRRATIA | Soinugela

Gehienbat asteroko urrezko kantua aspaldiko abestien artetik hartzen dugu, baina aste honetan salbuespena dugu zeren eta Neil Youngek udazken honetan kaleratu duen Colorado diskotik She Showed Me Love aukeratu dugu, Crazy Horse taldearekin egina, kantu epikoa, 13’36” irauten duena.

Paul Simonek 60 urte baino gehiago daramatza kantu paregabeak egiten. Newarken  (New Jersey) jaio zen, baina New Yorken egin zen kantari-kantuegile. Bere kantuekin ehunka bertsio egin dituzte hainbeste abeslarik eta, aurten, Ingalaterrako ACE disko etxeak 23rekin American Tunes izeneko bilduma osatu du. Hortik guk onenetako batzuk entzun ditugu: Homeward Bound (Cher, 1966), The Boxer (Emmylou Harris, 1980), Bridge Over Troubled Waters (Aretha Franklyn, 1971), The Only Living Boy in New York (The Tennors, 1973), Mother and Child Reunion (The Intruders, 1973), Cecilia (Smokey Robinson, 1971), Loves me Like a Rock (The Persuasions, 1979), The Boy in the Bubble (Patti Smith, 2007), Graceland (Willie Nelson, 1993).

Jabier Muguruzari iaz Kataluniako Barnasants festibalak, 25 urte beteko zituela baliatuta, Euskal Herriko kantagintzari maitasunezko keinu bat egitea eskatu zion. Muguruzak bere geografia afektiboarekin lotura handiena zuten kantu batzuk aukeratu zituen, 80ko eta 90eko hamarkadetakoak. Horretarako, Mikel Azpiroz teklatu jole eta bere ohiko laguntzailearekin, Muguruzak laukote berezia antolatu zuen, Jean Marie Ecay (gitarra), Mikel Artieda (baxua), eta David Gomezekin (perkusioa). Guk bilduma horretatik kantu batzuk aukeratu ditugu: Antzinako bihotz (M. Laboa / B. Atxaga), Kantu eroa (Itoiz / J.C. Perez), Berreziketaren zailtasunari buruz (R. Ordorika / H.M. Einzensberger), Hemen izango bazina (Negu Gorriak / F. Muguruza), Krokodil (Niko Etxart).

Bi urte eta erdiko atsedenaldia hartu ostean, Wilco taldeak berriro grabatu du. Beethoven-i ostutako ode to Joy izenburupean, Jeff Tweedyren kantu berriek dakarte sentimendua, askatasuna sentitzearekiko lotura dute garai goibel hauetan. Bertatik entzun ditugunak: We Were Lucky, Love Is Everywhere (beware) eta Hold Me Anyway.

Gene Clarkek, The Byrds taldean egon zen garaian (euren gailurra izanik) etengabeko kantu ederrak egin zituen. Bakarlari moduan No Other egin zuen azkenaurreko grabazioa (1974), garai hartan arrakastarik gabekotzat jo zuten. Aurten berrargitaratu da eta kutsu psikodelikoa duten kantuak goraipatuak izan dira. No Other entzun dugu.

 

 

 

Comments are closed.