SOINUGELA: David McWilliams, Los Texmaniacs, Giant Sand, Fermin Muguruza, Tracy Nelson, Mulatu Astatke #PedroEliasIgartua

Gaurko urrezko kantua Belfasteko David McWilliamsek 1967an grabatutako Days of Pearly Spencer izan da. Bide batez, McWilliamsek 1968an argitaratutako beste kantu bat entzun dugu ere: Three O’Clock Flamingo Street.

Tejano talde eder bat dugu Los Texmaniacs, Texas eta Mexikoren arteko mugaren bi aldeetako kantuak egiten dituzte, ingelesez eta gaztelaniaz. Max Baca dugu talde honen burua, Texas Tornados-ekin lan egindakoa. Kantu hauek entzun ditugu: Mexico Americano, I Am a Mexican (Rick Treviñorekin), Across the Borderline, Deportee eta El bracero fracasado.

Valley of Rain, Giant Sand taldeko Howe Gelb-en lehenengo bilduma 1985ean kaleratu zen, baina, hala ere, bi urte arinago grabatua izan zen. Punk eta country-aren jarrerak zituen oinarrian lan honek. Gelb ez da inoiz pozik agertu orduko gitarren soinuarekin eta aurten Giant Sand-eko jatorrizko musikariak bildu ditu, azkeneko aldiz, lan hori kantuz kantu birgrabatzeko. Guk hiru kantu aukeratu ditugu Returns to Valley of Rain horretatik eta, hurrenez hurren, Tumble and Tear, Death, Dying and Channel 5 eta Down on town kantuen 1985eko eta 2018ko bertsioak entzun ditugu.

Black is Beltza jatorriz, komikia izan zen, Fermin Muguruza eta Harkaitz Canok idatzia, Alderetek marraztua. Orain, Ferminek animaziozko filma zuzendu du, liburu hartan oinarrituta. Marrazki bizidunak izanik, filmerako soinu banda ere landu du Muguruzak, Raul Refree-rekin ekoitzia. Bertatik entzun ditugu: Malcolm X Dream (Raül Refree), Seeds of Freedom (Hitzak eta musika: Manu Chao), Errespetua (Hitzak eta musika: Otis Redding) eta Apur dezagun katea (Hitzak: Gabriel Aresti-Musika: Mikel Laboa).

Tracy Nelson kantaria eta antzezlea da, eta 2002an Tennesseeko kartzelan eman zuen kontzertua grabatua izan zen, eta Live From Cell Block D izenburuarekin argitaratu zen 2003an. Kantu bi entzun ditugu bertatik: Walkin’ After Midnight eta Send Me to the ‘Lectric Chair.

Etiopiako Mulatu Astatke piano jole ospetsuak 1966an Afro Latin Soul bilduma legendarioa grabatu zuen. Orain berrargitaratu da eta guk kantu batzuk aukeratu ditugu bertatik: I faram Gami I faran, Mulatu’s Hideaway, The Panther (Boogaloo) eta Girl From Addis Ababa.

 

Hurrengo podcasta

ZURIA BELTZEZ - 349 - ahaztutakoen deiadarra

al. Aza 5 , 2018