Newroz

Euria ari du amets dagidan. Ez da ura beldurtzen nauena, konturatu gabe barrutik idortzea baino. Izoztutako begien bolumena neguan, hitzez zartatutako ezpainak. Orain ez da espero ez dugun ezer gertatzen ezustean. Harri bakarra kabitzen zaigu poltsikoan. Atzeko ispilutik ikusi zaitut ailegatzen. Beti bezala eseri zara mahaira, beti bezala begiratu nauzu. Hilkor guztiek argi berarekin egiten dute distira udaberria heldutakoan. Zerutik begiratuz gero, zati txiki bat baino ez dugu okupatzen lurrean. Zuhaitz etzanen inperioa erortzear zela esan zenidan. Hegoaldetik zirela ailegatzekoak zaldietan igota, muinoen bestalderaino luzatuko zirela ilarak neguko azken egunetan. Ametsetan naiz euri dagidan. Zintzoagoa da denbora bustitzen duenean. Azal eman diogu gogoari lur gorri idorretan. Haize hau, harri hau ketan. Munduan egoteko modu bat da. Bazterretan ez da beste ezer entzuten. Euria ari du amets dagidan, eguzki sasoia dela esan digute hangoek. Ez dut lehenagoko hotzik nabari leihoak zabaltzean. Oinak lotu zaizkit lokatzetara. Min dio munduak bere zauriari. Isil dadila zarata beharrekoa. Leiho bat ireki zaio euritan, inperio zaharrak usteltzen direnean, usainak jan ez gaitzan. Hilkor guztiek argi berarekin egiten zuten distira udaberria heldutakoan, hildakoek ez zuten bi egun baino gehiago irauten eguzkitan.

Hurrengo podcasta

Erro Ta Berri 2012-03-23

ol. Mar 23 , 2012

Podcast gehiago