Eztanda txiki domestikoak

Harreman domestikoetara ohitu gaitu neguak oraingoan. Etxeko zapatilekin zapaldu dugu mundua batez ere, esku batez saiatu gara elkarren pisuari eusten, bestea desagertutzat ematen genituen iñurriek hartu digute, sukaldeko beroak puztu ditu gure birika idorrak barrutik, iaz baino eztul gutxiago egin dugu goizetan, haragia eskatu dute lapikotarako, lurraren kolorea gorriagoa da hegoalderantz bazoaz, hemen ez da inoiz ezer gertatzen, horregatik eman diegu su gure buruei butanoaren kamioia heldu baino lehen, horregatik bete dituzte supermerkatuko apalak harreman domestikoei buruzko liburuekin, ilarari itxaron behar izateak ez gaitu lehen beste ernegatzen, bakoitiak dira bururatzen zaizkidan zenbaki guztiak neguan, auzokoak bazkaltzeko zer izango ote duen asmatzen saiatzen gara egunero, ez dizut atzokoari buruzko galderarik egin, hemen ez da ezer gertatzen inoiz, sudurzuloetan odol lehorra pilatu zaigu albistegiei begiratzean, aingura bota nahi izan dugu baina ez gara sakoneraino heldu. Egunkaria gero eta azkarrago irakurtzen dudala esan didazu setati, goizean leihoak hamar minutu zabaltzearekin nahikoa dela erantzun dizut, gero eta argalago ikusten ditudala gauzak inguruan, batez ere astiro jatea dela inportantea, munduak ez duela norabide bakarrean mastekatzen ikasi, etxe bat behar zutela gure asmoek, mundua ez zaigula inoiz hain biluzik agertu, soka luzeagoa behar genuela aingura hau sakoneraino hel zedin.

Hurrengo podcasta

Wilson Pickett Swing Doinuko Gauak saioan

al. Mar 12 , 2012

Podcast gehiago