Podcast: Play in new window | Download
Larunbatean, azaroaren 21ean, Baionako kaleak euskararen aldeko aldarriz bete ziren. Ipar Euskal Herriko euskalgintzak deituta, 7.500 pertsona inguru elkartu ziren Euskararen garaia da. Euskara, gure hautua lelopean egindako manifestazioan. Bi eskaera nagusi jarri zituzten mahai gainean: euskarak koofizialtasuna izatea Ipar Euskal Herrian, eta lurraldea berreuskalduntzeko plan integral bat abian jartzea.
Mobilizazioaren bidez, Parisi eta tokiko erakundeei euskararen egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzeko eskatu zieten. Izan ere, hizkuntza eskubideen urraketak, euskaraz ikasteko eta bizitzeko dauden oztopoak eta hizkuntza-politika ausartago baten beharra geroz eta agerikoagoa da.
Euskal Konfederazioak, gainera, datozen hilabeteetan akordio politiko bat lantzeko asmoa iragarri du, Ipar Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalekin. Mobilizazioaren balorazioa egiteko eta hemendik aurrerako urratsak ezagutzeko, Ihintz Oliden Euskal Konfederazioko Zuzendaritzko kide, eta Ipar Euskal Herriko AEKko arduraduna dugu gurekin.






























