Podcast: Play in new window | Download
Bideojokozaleok ez gaude oso pozik, izan ere, berriki jakin dugu desiatutako Grand Theft Auto VI 2026ra atzeratu dutela. Rockstar Games-ek, nolabait barkamena eskaini nahian edo gure gogoa pizteko, bigarren trailer ikusgarria argitaratu du azkenik.
Lucia Caminos eta Jason Duval protagonisten arteko harremanean sakondu dira, aldi berean, Vice City zein Leonida eskualdeko pertsonaia eroak erakutsita. Atal tekniko izugarriarekin, une honetako bideojokorik desiratuena da autoen lapurreten seigarren atala, eta, zer esango dizuegu, ulertzekoa da.
Xbox-ek, gainera, klasiko baten birmasterizazio berria iragarri du. Gears of War originala Reloaded azpitituluarekin berpiztuko dute; hots, duela urte batzuk ikusi genuen Ultimate Edition bertsioaren eduki berberak bilduko ditu, atal teknikoa txukunduta. Albisterik handiena, baina, PlayStation bertsioa da: Xbox Series eta PC gailuetara iristeaz gain, PS5 kontsolan ere ikusiko dugu, lehen aldiz, Gears of War.
Nintendo eta The Pokémon Company taldeek Pocketpair indie estudio japoniarraren aurka abiatutako demandaren inguruko datu gehiago jaso ditugu. Izan ere, Palworld-en aldaketa txikiak inplementatu behar izan dituzte talde independentekoek Pokémonekin dauzkan antzekotasunak pixkana-pixkana alboratzen joateko.
PlayStation Studios-en estudio berria ezagutu dugu, gainera: teamLFG. Bungie-ko beteranoek osatutako garatzaile taldea nahaste izugarria dirudien proiektua garatzen ari da une honetan.
Europa Universalis Ven iragarpena, The Legend of Zelda: Majora’s Mask mitikoaren birkonpilazio estatikoaren eguneratzea edo Gothic originalaren berregitearen demo berria aipatu ditugu, bukatzeko, Game Erauntsia irratsaioan.