Podcast: Play in new window | Download
4A Games estudioak eta Deep Silver argitaletxeak Metro 2039 aurkeztu dute Xbox First Look saioan. Dmitry Glukhovsky idazlearen liburuetan oinarritutako laugarren bideojokoa urte bukaeran iritsiko da.
Oinarri guztiak mantenduko badira ere, aldaketa handiak agintzen ditu PS5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko den abenturak. Artyom protagonista alboratuko da, lehenengoz: Arrotza (The Stranger) gidatuko dugu oraingoan. Moskuko metro beldurgarrira itzuliko gara berriro, aurreko atalean ikusitako mundu zabalari agur esanez.
Son Goku eta lagunen abenturak benetan maite ditugu Game Erauntsian; hori horrela, Dragon Ball Games Battle Hour 2026 ekimenari begira jarri gara. Txapelketen eta iragarpenen artean hurrengo bideojokoa ofizialki aditzera eman du Bandai Namcok: Dragon Ball Xenoverse 3 prestatzen dabiltza. Gainera, FighterZ, Sparking! Zero eta Xenoverse 2 jokoen berritasunak aurkeztu ditu.
Euskarazko bideojokoekin jarraitzen dugu; oraingoan, ofizialki itzulitakoekin. Iaz aurkeztu genizuen Dome Keeper biziraupen indie zoragarria lokalizatzeaz arduratu da Game Erauntsia Elkarteko Beñat Ramos kidea: Bippinbits estudioarekin batera aritu da lanean PCrako eta Xbox Series kontsoletarako itzulpena eskaintzeko. Eguneraketarekin multijokalaria ere inplementatu dute, partida kooperatiboak zein norgehiagoka lehiakorrak ahalbidetuta.
Saioarekin bukatzeko, bideojokoen filmeak ekarri ditugu. The Super Mario Galaxy Movie ikusi dugu zineman; ez hori bakarrik, Bloodborne maitatuaren animazio filma datorrela ezagutu dugu.






























