Podcast: Play in new window | Download
Aurtengoan, Agerkarien Tartean, astero izango ditugu ARGIAko lagunak Zebrabidea gurutzatzeko prest. Aste honetako gai nagusiaren berri eman digu Jenofa Berhokoirigoinek, erreportai bat eta elkarrizketa batekin. Hala diote bi azpitituluek:
‘Euskararen aldeko hitzordu inportantea izanen da Baionan azaroaren 21ean, Euskararen garaia da lelopean, koofizialtasunaren aldarria jarriko duelako lehen lerroan Euskal Konfederazioak. Horrez gain, euskararen aldeko “hizkuntza politika eraginkor” bat eta “hizkuntza gutxituen aldeko lege babes ausart” bat aldarrikatzeko unea izanen da. Nola ez, azken aldiko euskararen kontrako prefetaren erasoak salatuko dituzte. Iazko abenduaren 27an Bilbon eta ekainaren 13an Iruñean bildu ondoren, euskalgintzak abiaturiko ziklo berriaren ondoko urratsa Baionakoa izanen dela argi dute antolatzaileek, eta Lapurdiko hiriburuan batzeko deia luzatu diete euskararen alde diren guztiei’.
‘Antton Curutcharry baigorriarra Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea da; hala izan zen Jean-René Etchegaray zenean presidente eta kargu bera bideratu dio Alain Iriartek ere. Pirinio Atlantikoetako prefetak euskararen alde doazen delibero guztiak auzitan jartzen dituen honetan, ARGIAk solastatu nahi izan du berarekin. Egoera larria, tristea eta ulergaitza zaiola dio, eta horregatik zaio inportantea Euskal Konfederazioak antolaturiko manifestazioa, prefetari erakutsiko zaiolako “euskarak duen indar sozial handia”.






























