Xbox kontsola eramangarria prestatzen ari da

Prototipoekin dabiltza oraindik, baina zurrumurruak baieztatu dira. Half-Life 2k 20. urteurrena berritasun interesgarriekin ospatu du.

Xboxk baieztatu du zurrumurrua, kontsola eramangarria prestatzen ari da. Aukera ona al da, ordea? Game Erauntsian gure zalantzak ditugu, nahiz eta kontsola eramangarrien merkatuak sekulako indarra hartu duen azken urteotan. Xboxek eskain dezakeenaren inguruan hausnartu dugu, baita joko esklusiboen inguruan daukan negozio eredu berrian sakondu ere. Ekonomikoki inoiz baino hobeto dabiltzala diote, bukatzeko… nola ez da ba horrela izango, 2.500 langile inguru kaleratu ondoren.

Duela 20 urte maitemindu gintuen maisulana da, bestalde, Half-Life 2. 2004ko bideojokoaren urteurrena modu berezian ospatu nahi izan dute Valve enpresatik: eguneraketa interesgarria kaleratzearekin batera, bi orduko dokumental ikaragarria argitaratu dute. Gordon Freeman-en abentura gogora ekarri dugu, garapeneko hainbat bitxikeria nabarmenduta.

Gaur egun, baina, bideojokoek inoiz baino indar gehiago daukate, baita Euskal Herrian ere. Ondorio horretara iritsi dira Ikusiker behategitik: Hego Euskal Herriko gazteen gehiengoak bideojokoetan jokatzen du. DBHko ikasleen artean, % 80 bideojokalaria da. Unibertsitatean, aldiz, ikasleen % 60 aritzen da bideojokoetan.

Erabiltzen dituzten plataformak, genero gogokoenak eta kontsumo ohiturak aztertzeari ekin diogu irratsaioan galdetegi interesgarri hau hizpide hartuta.

Hurrengo podcasta

Ska musikarekin dantzan

ar. Aza 26 , 2024