Hallows Evening, All Hallows Eve, Hallowed Evening, Halloween… asko dira mundu osoan zehar Urriaren 31eko gauari deitzeko erabiltzen diren izen eta abizenak. Baina Estatu Batuetako ohitura alde batera utzita, udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. Gurean ere badira kontakizunak. Kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak. Ohitura ugariko herria da gurea, baina debekuen ondorioz, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino iritsi gara. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin.
Gaur urriaren 31a da, eta gaur Gau Beltza ospatuko da Euskal Herriko zenbait txokotan, urteen poderioz ia desagertzera ere iritsi den ospakizun hau berreskuratzeko lanetan ibili izan direlako hainbat eragile. Horietako bat da TAUPA Euskaltzaleen Mugimendua, eta honen inguruan gehiago kontatzeko ZEBRABIDEAN izan da, Andoni Urzelai, TAUPAko Gau Beltzaren koordinatzailea.






























