«Kafe Expreso» irratsaioa jaio da, «espetxeetako harresiak zulatzeko»

Abenduaren 30ean egingo dute Kafe expreso irratsaioaren lehenengo saio berezia, Hala Bedi Tabernatik zuzenean. Aurrerantzean, ostegunero entzun ahalko da uhinetan. Hego Euskal Herriko kartzela guztietara heltzea da helburua, preso eta kalean daudenen artean sentipenak, sormen lanak, eskaerak zein mezuak elkarbanatzeko.

Gabonetatik aurrera, irratsaio berria izango da Hala Bediko uhinetan: Kafe Expreso. «Espetxeetako harresiak zulatuko dituen zubia» izateko jaio da irratsaioa, tonu dinamiko eta umoretsuan. Alde batetik, presoen sentipenak, beharrak,ametsak, sormen lanak, musika edota bestelako eskaerak ekarriko dituzte gurera. Bestetik, preso dauden horiek «tarte batez kalean sentiarazteko», haien senide eta lagunek presoei mezuak uzteko tartea ere eskeiniko dute: zoriontze deiak, dedikatoriak, anekdotaren bat kontatzeko gutuntxoak, hausnarketak eta beste asko.

Abenduaren 30ean egingo dute Kafe Expreso irratsaioaren lehenengo saio berezia, Hala Bedi Tabernatik zuzenean. Aurrerantzean, ostegunero entzun ahalko da uhinetan eguerdiko 15:00etatik aurrera. Gonbidapena luzatu nahi izan dute jendea emisio berezira hurbiltzeko.

Irratsaioa euskaraz egingo dute, baina edozein hizkuntzatan zabalduko dituzte presoen zein kalekoen mezuak. Preso sozialei eta politikoei zuzenduko diete programa, eta Hego Euskal Herriko espetxe guztietatik entzuteko aukera bermatu nahi dute: Zaballan Hala Bediren bidez, Basaurin 97 irratiaren bidez, eta Iruñean Antxetaren bidez. Martutenen Naiz irratiaren bidez entzungo da.

Asmo honekin laguntzeko, parte hartzeko gonbita luzatu dute Kafe expresoko kideek: «inguruan preso dagoen norbait ezagutzen baduzue, berari zein ingurukoei irratsaioaren berri ematea eta nahi dutena bidaltzeko gonbitea luzatzea» eskatu dute. Hau eta askoz gehiago aipatu dig Ainhoak, Kafe Expreso irratsaioko kidea.

Hauek dira harremanetarako bideak:

-Gutun postala:

Hala Bedi

Bueno Monreal kalea 16 behea – Gasteiz (Araba)

-Erantzungailua: 945 12 27 38

-Emaila: kafeexpreso@halabedi.eus

-Sare sozialak: @kafeexpreso

Hurrengo podcasta

«Kafe Expreso» egin berria ere iritsiko da ziegetara

az. Abe 22 , 2021