Podcast: Play in new window | Download
Zinema memoria ariketa bailitzan erabili izan dute, darabilte, darabilgu askok.
Euskarri fisikoa ematen zaio oroimenak bestela trakeski, era sortzailean gordeko lukeenari. Zera hori soinu-iruditan, gertakari segidan jartzerakoan, ordea, oroitzea ekintza aktibo bihurtzen da, eta irakurketa hutsa lirudikeena idazketa bihurtzen da.
Andrei Tarkovskik behin pentsatu omen zuen publikoari zirrara eragiteko erarik behinena kamera aurrean haren ama oroitzapenak kontatzen jartzea zatekeela. Hain zen benetakoa, hain boteretsua, ikus-entzuleak ezingo zuen hunkitu besterik egin.
Horrelaxe abiatu zuen bere zazpi egitasmoetako bat. Gogoratzen gogoratzen baitzuen ama. Filmak, ordea, beste ildo bati ekin zion, idazten hasia zelarik. Hain gauza naif-a behar zuenetik haren film konplexuenetarikoa erditu zen. Zerkalok, ispiluak, prozesu osoa islatu zuen, hasierako asmoa bainoago.
Idazleak esan zuen: memoria omen txakurrik inozoena. Makil bat bota eta, hura ez, beste edozer ekartzen digu bueltan.