Podcast: Play in new window | Download
Game Erauntsian Valve zaleak gara, ondo jakingo duzuen moduan. Hori dela eta, ezin izan diogu Steam Controller berriari uko egin: ordenagailuetara bideratutako mandoari, alegia.
Maiatzaren hasieran merkaturatu zuten Valvekoek, agintea agortuz, baina pare bat eskuratzea lortu dugu. Baina, nola eragin dezake horrenbesterainoko zirrara aginte batek? Horixe aztertu dugu saioan, gailuan dozenaka ezaugarri eta berezitasun baititu: sagua zein bestelakoak erabiltzeko trackpad-ak, gripsense, giroskopioa, atzeko palankak eta askoz gehiago biltzen ditu, konfigurazio desberdinak erabiltzeko aukerarekin batera.
Albisteei helduta, Warhorse Studios txekiarrak berri ederrak ekarri dizkigu. Bi proiektu ditu esku artean: lehena, Kingdom Come frankizia arrakastatsuaren atal berria izango da; bigarrena, J.R.R. Tolkien idazleak sortutako Erdialdeko Lurraldeetan girotutako mundu irekiko abentura.
Grand Theft Auto VI berriz aipatzeko unea heldu da. Ez, Take Twok eta Rockstar Games-ek ez digute trailerrik edo berritasunik eskaini, baina Strauss Zelnick Take-Two Interactive Software enpresako arduradun nagusiak data mantentzen dutela berretsi du; hau da, azaroaren 19an estreinatuko da bideojoko desiratua.
Amaitzeko, PlayStationen kontu ugari ekarri ditugu irratsaiora. Izan ere, udako State of Play aurkezpena iragarri, PCko bideojokoak behin betiko agurtu —oraingoz—, eta PS Plus harpidetzen salneurri igoerak ezarri dituzte.






























