Podcast: Play in new window | Download
Ibai Aizpurua Zomorro Studioko garatzailea gonbidatu dugu Game Erauntsia saiora beste behin. Bideojokogile euskaldunak bere azken proiektuak zein lanak ekarri dizkigu, ekintza berriak eta oraindik bukatzeke dauden jokoak baititu esku artean.
Irratsaioaren lehen denboraldian ezagutu genuen Guillotine-k, adibidez, bizirik dirau. Azken hilabeteotan metroidvania jokoak euskal mitologiarekin uztartzen dituen abentura berreskuratu du Aizpuruak, eta atzean duen istorioari buruzko xehetasunak eskaini dizkigu. Barraka-n lanean jarraitzen du, gainera: puzzle joko koloretsua hobetzen ari da, 2022ko bertsioa zaharberritzeko eta plataforma berrietara eramateko asmoarekin.
Albistegian, bestalde, Xbox Game Pass zerbitzuaren azken aldaketak nabarmendu ditugu. Iazko urrian prezio igoera esanguratsua jasan zuten harpidetza desberdinek; orain, Ultimate nahiz PC Game Pass zerbitzuentzako prezio jaitsiera txiki baina interesgarriak iragarri dituzte Microsoft-etik.
Ubisoft-ek Assassin’s Creed Black Flag Resynced berregitea ofizialki erakutsi du, azkenik, aurreko hilabeteotan denetariko filtrazioak ikusi ondoren. Uztailaren 9an iritsiko da Edward Kenway pirata eta asasinoaren zaharberritutako jokoa: atal grafikoa zein jokagarritasun mekanikak txukunduko dituzte PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako jokoan.
Amaitzeko, Nintendo-k bere udako bideojokoaren data zehaztu du: Splatoon Raiders uztailaren 23an ikusiko dugu Switch 2 kontsoletan. Lehia multijokalaria alboratu, eta jokalari bakarrari zuzendutako tiro joko freskoa prestatzen dabiltza. Lagunekin jokatzeko aukera ere egongo da, baina, dirudienez, kooperatibora mugatuko dira oraingoan. Altxorrak bilatzeari eta dozenaka arerio gainditzeari ekingo diote Inkling izakiek.






























