Podcast: Play in new window | Download
Bideojokozaleen arteko gaur egungo titulurik desiratuena are urrutiago joan da. Rockstar Games-ek Grand Theft Auto VI bigarrenez geroratu duela jakitera eman du: beste atzerapenik egon ezean, datorren urteko azaroaren 19an argitaratuko dute azkenik.
Albistea, baina, bestelako egoera kezkagarriarekin batera iritsi da. Edinburgon kokatutako Rockstar North taldeko 30 bat langile kaleratu dituzte. Rockstarren arabera, isilpeko informazioa eta datuak argitaratzeagatik izan da, baina langileek ez diote gauza bera: izan ere, sindikatua eratzea oztopatu nahian ari dira GTAren egileak.
Saio honetako analisiari helduta, 2025eko bideojokorik garrantzitsuenetakoan ibili gara. Hades IIk aurretiazko sarbidea atzean utzi zuen irailean, eta 1.0 bertsioak eskaintzeko daukana ezagutzen ibili gara egunotan. Protagonista berria, greziar mitologiako jainkoen bedeinkapenak, arma mordoa eta roguelike erronkak agintzen ditu berriz Supergiant Games indie estudioak, emaitza bikaina lortuta.
Horrenbeste gustatzen zaizkigun finantza txostenean barneratzeko unea iritsi da berriro, gainera. Nintendo-k azken hiruhilekoaren datuak eskaini ditu, Switch 2aren salmentak argitaratuta: hamar milioiak gainditzea lortu du gailu hibridoaren oinordekoak. 2026ko martxoa bukatu aurretik hemeretzi milioi gailu saltzea espero dute japoniarrek, eta, zelan ez, jokorik salduena Mario Kart World izan da, 9,57 milioi alerekin.
PlayStation-ek State of Play aurkezpen berria iragarri du, baina horri hurrengo saioan helduko diogu; gauza bera gertatuko da, zurrumurru guztiak egia badira, Valve-kin. Steam plataformaren arduradunek Steam Frame VR gailuak aurkeztuko dituztela aurreratu digute aditu batzuek… eta, agian, Half-Life X ere ezagutuko dugu azkenik.






























