Azaroko estreinaldi handiak eta Jokotekniaren zortzigarren edizioa

Urtearen azken txanpan murgilduta, azaroko bideojokoen argitalpenik interesgarrienak ezagutu ditugu Game Erauntsia irratsaioan. Asko dira egunotan merkaturatuko direnak: nagusiki, Kirby Air Riders zein Hyrule Warriors: Age of Imprisonment jasoko ditugu Nintendo-ren aldetik, baina tiro jokoen zaleek Call of Duty: Black Ops 7 ere ikusiko dute.

Ez dira hileko obra bakarrak izango; hots, indie tituluen zaparrada iritsiko zaigu. Forestrike, Morsels edo Demonschool aipatu ditugu, baina baita Euskal Herriari lotuta etorriko diren bi bideojoko ere. Alde batetik, Relevo talde bilbotarrak Terrifier: The ARTcade beat ‘em up estiloko ekoizpena kaleratuko du; bestetik, Ibai Oihanguren zaleak —ofizialki— euskaratutako Windswept jasoko dugu.

Jokoteknia

Euskal Herriarekin jarraituz, Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa ezagutzera eman dute. Azaroaren 15ean Bilboko Euskararen Etxean egingo den biltzarrean bideojokoen alor eta esparru desberdinei helduko zaie bertoko ikuspegitik.

Lau hitzaldi, mahai ingurua, Gamer Gela ekimena nahiz Jokotekniaren bigarren liburuxka batuko dira egun berean. Sarrera irekia izango da, baina etxetik ere jarraitu ahalko da zuzeneko emanaldiarekin: informazio guztia Jokoteknia.eus webgunean bildu dugu.

Bukatzeko, Nintendoren azken urteotako bideojokorik arrakastatsuenaren berpizkundeaz hitz egin dugu saioan. 2020. urtean Switch originalean estreinatu zen Animal Crossing: New Horizons-ek eduki mordoa gaineratuko dituen doako 3.0 gaurkotzea zein Switch 2ko bertsioa estreinatuko ditu datorren urte hasieran.

Hurrengo podcasta

Anita Poineau · Peliküla Dokumental Festibala · 2025.11.06

og. Aza 6 , 2025
Pribatutasun politika

Web honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaileei esperientzia onena eskaini ahal izateko.

Cookie-en informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbt funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak aurkitzen laguntzea.

Pribatutasunari, legezko eskubideei eta cookie-ei buruzko informazio guztia duzu gure pribatutasun-orrian zein cookie-etan