Podcast: Play in new window | Download
Maiatzak urteko bideojokorik desiratuenetako batzuk ekarri ditu Game Erauntsia irratsaiora. Bond agentearen titulu berria dakar, hasteko, IOI taldeak: 007 First Light. Forza Horizon autoen frankizia Japonian girotuko da seigarren atalarekin, gainera; Nintendo-k Yoshi alaiaren abentura berria eskainiko digu, baita, Switch 2 kontsolako Yoshi and the Mysterious Book-rekin.
Ez dira hilabeteko estreinaldi bakarrak izango, ordea: Mixtape, Lego Batman: Legacy of the Dark Knight, Indiana Jones and the Great Circle ikaragarriaren Switch 2 bertsioa edo aurretiazko sarbidean estreinatuko diren Dead as Disco, Deep Rock Galactic: Rogue Core, Paralives nahiz Thick as Thieves gehituko zaizkie aipatutakoei.
Bideojokoak alboratuta, baina, argitalpenekin jarraituz, Valve enpresak bere Steam hardware sortaren lehen gailua merkaturatu du dagoeneko: Steam Controller aginte berria. Aukera mordoa dakartza ordenagailuko bideojokoentzako pentsatuta dagoen mandoak. Premium aginteen artean kokatzen dela argi dago, baina, noski, horrek prezioan ere eragina izan du. Halere, PCko jokalarien begiradak harrapatzea lortu du, Steam Deck eramangarriarekin ikasitakoen eta erakutsitakoen ostean.
Euskaratutako bideojoko berriak aurkeztu ditugu, bukatzeko, gure txokoan. Alde batetik, Dust Games katalanak Roombattle euskaraz ofizialki eskaini du azken eguneratzearekin: itzulpenaren arduradunak Beñat Ramos eta Itziar Zorrakin Game Erauntsia Elkarteko kideak izan dira. Robot xurgagailu arteko borroka dibertigarriak proposatzen ditu etxeko guztientzat.
Bestetik, Bizkaidroid garatzaile euskaldunak Retro Burn kaleratu du Android gailu eramangarrietan. Doako bideojoko honek Thrust klasikoa edo Moagg modernoagoa inspirazio iturritzat hartzen ditu: jokalariaren helburua, ontziaren propultsoreak kontrolatuta, helmugara iristea izango da… bidean makina suntsitzea edo erregairik gabe geratzea saihestuz.






























