Nine Sols abenturaren borroka latzek eta gidoi gogorrak gatibatu gaituzte

Game Erauntsia irratsaioan metroidvania azpigeneroko bideojokoei gogor ematen diegu. Tradizioari eutsiz, aspalditik jokatzekotan egon garen bati buruzko analisia eskaintzera gatoz azken saioan: Nine Sols ikaragarriaren mundu ilunean barneratu gara.

Katu itxurako Yi protagonistak New Kunlun hiriko Sol agintari maltzurrak garaitu beharko ditu. Tartean, esploratzeko mundu zabala, sekretuz gordetako istorioa eta Sekiro-ren estiloko borroka dinamiko, frenetiko eta zehatz sorta aurkituko dugu.

Albisteei helduta, MMORPG ezagun baten itxiera iragarri da. Amazon Games enpresak New World: Aeternum alboratuko du: hasteko, jokoa saltokietatik kendu dute. Datorren urtean betirako agur esango zaio, zerbitzariak itxiko baitituzte. Amazonen bideojokoen sailaren etorkizunari buruzko galdera ugari eragin ditu erabakiak; izan ere, bideojokoak erabiltzaile kopuru sendoa lortu duela esan daiteke.

Berri pozgarriagoekin jarraituz, urtarrilean Awesome Games Done Quick speedrun saioen 2026ko ekitaldia burutu da. 141 bideojoko gainditu dituzte, astebetean, partaide adituek: Hollow Knight: Silksong, Final Fantasy Tactics — The Ivalice Chronicles, Castlevania: Dawn of Sorrow edo The Legend of Zelda: Majora’s Mask ikusi ditugu, besteak beste. Karitatera bideratutako ekimena dela gogoratu beharra dago, eta, alde horretatik, ospatzekoak diren 2,07 milioi eurotako donazioa eskaini diote Prevent Cancer Foundation-i.

Euskaratutako bideojoko berria iritsi da gure artean. Are gehiago, ofizialki joka dezakegu gure hizkuntzan. ViJuDa garatzaile galegoak Super Woden: Rally Edge kaleratu du: rally lasterketa arkadeak proposatzen ditu bakarka zein tokiko multijokalarian. Steam bidez eros daiteke dagoeneko.

Hurrengo podcasta

KULTURKAPSULAK : Eskertu didate garai hortaz idatzi izana … ( Haritz Larrañaga 2/2)

og. Urt 22 , 2026
Pribatutasun politika

Web honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaileei esperientzia onena eskaini ahal izateko.

Cookie-en informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbt funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak aurkitzen laguntzea.

Pribatutasunari, legezko eskubideei eta cookie-ei buruzko informazio guztia duzu gure pribatutasun-orrian zein cookie-etan