Xbox-entzat hilabete handia izan da. Alde batetik, South of Midnight kaleratu du Compulsion Games-ekin batera: abentura, plataformak eta istorio sakona bayou girotzearekin elkartzen dituen obra txukuna. Bestetik, PlayStation 5erako bi bideojoko kaleratu ditu: Indiana Jones and the Great Circle zein Forza Horizon 5 Sony-ren kontsolan joka ditzakegu dagoeneko.
Ez dira egunotako argitalpen bakarrak izan, noski: Clair Obscur: Expedition 33 edo Blue Prince ikusi ditugu, eta, gainera, The Last of Us Part II Remastered PCra iritsi da azkenik.
Marvel Rivals ekarri dugu berriz gurera, bigarren denboraldiari ekin baitio NetEase taldearen heroi tiro joko arrakastatsuak. Mutanteekin lotutako denboraldia, hain zuzen: Emma Frost eta Krakoa utzi dizkigu, denetariko eduki estetikoekin batera. Ultron zitala ere agindu digu, baina etorkizunean iritsiko da titulu multijokalarira.
Game Erauntsiak euskaratutako Steredenn: Binary Stars shoot ‘em up interesgarriak izugarrizko berriak ekarri dizkigu; izan ere, Pixelnest estudioaren lana fisikoki estreinatuko da PlayStation 5ean. 2015ean digitalki estreinatu ondoren, edizio bereziak jasoko ditu… eta bertsio fisikoan ere gure hizkuntzan jokatu ahalko dugu.
Analisia prestatu dugu aspaldiko partez, bukatzeko. Persona saga puri-purian da euskal bideo-jokozaleen komunitatearen artean, eta guk P5 maitatuaren jarraipenari heldu diogu: Persona 5 Strikers-ek JRPG oinarriak alboratzen ditu akzioz betetako musou abenturan bilakatzeko.