Zein aldetan zaude?

Sareak eman digu horren berri, azkenaldian guztiaren berri ematen digun bezala: sorpresaz.

Pete Seeger Donostian izan zen, Viktoria Eugenia leporaino bete batean kontzertua ematen, 1971ko otsailaren 9an. Antolatzaileak nor ziren jakiteak ez gaitu sorpresaz harrapatu: Ez dok hamairuko kideen eskutik etorri zen Seeger jauna gurera. 

Garai hartan Joxanton Artzek bakarrik zekien ingelesez, Ez dok hamahiru osatzen zuten kideen artean. Berak egin zituen itzultzaile lanak, Seeger Euskal Herrian ibili zen hiruzpalau egunetan. Viktoria Eugenia antzokian ere bera izan zen aurkezle, Xabier Leterekin batera. Irudika dezakegu gazte haien durduzadura, estatubatuar jada mito bihurtuari aireportuan harrera egiten, berarekin batera kantuan, ardoa edaten.

Eta, burutapena hurrengoa da: nostalgia izango da, ezagutu gabeko garaien oroimina agian, hanka bat galdu duenak ez daukan hanka hori sentitzen duen sentsazioaren parekoa. Baina, ez al zen garai batean errazagoa, ezinbestekoagoa, zein aldetan zeunden aukeratu beharra? Ez al zen normalagoa, beharrezkoagoa?

Hurrengo podcasta

Paradisu zinema #28 Coen anaiak

ig. Ots 2 , 2014