Podcast: Play in new window | Download
Fox McCloud zein Falco, Slippy eta Peppy mertzenarioek osatutako Star Fox taldea bueltan da. Zurrumurruek aurreratu bezala, Star Fox ofizialki iragarri du Nintendok: Nintendo 64 kontsolako Lylat Wars mitikoaren berregite fidela ekainaren 25ean ikusiko dugu Switch 2 kontsolan.
Gailu hibridoarekin jarraituz, albiste txarrak utzi dizkigute japoniarrek. Irailean Switch 2aren prezioa areagotuko dute nazioartean; Europan, 499 eurotan salduko da. RAM eta biltegiratze krisiaren ondorioa da, nola ez. Salmentak ondo doazela dirudi, hori bai: 19,86 milioi Switch 2 kontsola saldu dituzte dagoeneko, azken finantza txostenean aditzera eman dutenagatik.
Aspaldi iragarritako Subnautica 2 desiratua, bestalde, azkenik gure artera iritsiko da. Aurretiazko sarbidearekin, hori bai: PCan eta Xbox Seriesetan abiaraziko du Unknown Worlds taldeak early access fasea. Urazpiko esplorazioa, biziraupena eta baliabideen bilketa proposatuko ditu berriz, baina, oraingoan, multijokalari aukerak eskainiko dituzte.
Copilot adimen artifiziala Microsoft-en askotariko hardwarean zein softwarean ikusi dugu, baina ez da Xboxen kasua izango. Asha Sharma arduradun nagusiak AAren erabilera alboratuko dutela iragarri du, nahiz eta Xbox Seriesetarako prestatzen zebiltzan. “Negozioa berrabiarazteko oreka edukitzea garrantzitsua” dela dio Xboxen buru berriak. Oreka hori lortzeko bidean, “helmugarekin bat egiten ez duten ezaugarriak alboratzen” hasi dira.
Bukatzeko, The Blood of the Dawnwalker mundu irekiko obra interesgarria irailaren 3an estreinatuko dela aurreratu digute Rebel Wolves taldekoek; Ryu Ga Gotoku japoniarrak, beste aldetik, Stranger Than Heaven mafiosoen abentura negurako prest egongo dela dio.






























